2024-12-19
HomeEkintza SindikalaLaudioko herritar baten heriotzak agerian uzten du Osakidetzak arriskuan jartzen gaituela Etengabeko...

Laudioko herritar baten heriotzak agerian uzten du Osakidetzak arriskuan jartzen gaituela Etengabeko Arretarako Guneak eraisteko politikarekin

Beste behin ere, Osakidetzako zuzendaritzak inposatzen digun osasun-kudeaketaren eredua salatzeko arrazoiak ditugu, honek arriskuan jartzen baitu langileen eta herritarren osasuna, LABen aspalditik ohartarazi eta salatu izan duguna. Oraingoan, albisterik txarrenaren aurrean gaude, ostiralean Laudioko Etengabeko Arretarako Gunean (EAG) bizitza galdu zuen gaztea medikurik gabe artatu behar izan baitzuten. Honela, jendarteari zein Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu, osasun sistema publiko eta duin baten alde.

EAGen egoera jasanezina da hainbat arrazoirengatik (langilerik eza, ordutegi-murrizketak, aldi baterako edo behin betiko itxierak, zerbitzu batzuen pribatizazioa…), baina EAGak profesional medikorik gabe irekitzeak egoera hori irmoki salatzera eraman gaitu, pasa den maiatzean Laudioko osasun zentroan bertan egin genuen bezala. LABen ustez, EAGetan medikurik ez egotea pertsonen bizitza arriskuan jartzea da, are gehiago, larrialdietan ere medikurik ez badago.
Gainera, arduraz ikusten dugu zelarien eta erizainen osasuna; izan ere, langile medikorik gabe artatzen ari dira, beren lanari estres handia gehituz, larrialdi-egoeretan profesional mediko baten figura ezinbestekoa baita. Hilabeteak dira EAGetan arrisku psikosozialei buruzko azterlan bat eskatu genuela. Eskaera horrek ez du erantzunik jaso, eta, beraz, Osakidetza da langileon tratu txarren eta gu babes gabe uztearen erantzule.

Osakidetzako zuzendaritzak, pribatizatzeko eta eraisteko ahaleginean, kudeaketa arduragabea egiten du, behar diren profesionalen hornidurarik gabeko zerbitzu batek arriskuan jartzen baitu gure osasuna. LABek askotan salatu du zuzendaritzak egoera hau normaltzeko egiten duten ahalegina. Horregatik, beste askotan bezala, katastrofista izatea leporatu digute, osasun publikoa gutxietsi nahi izatea.

Lan-gainkarga, lan-baldintza prekarioak eta langile-falta ez dira arazo berriak osasun publikoaren eremuan. Zoritxarrez, pertsona baten heriotzak agerian utzi du Osakidetzako giza baliabideen politikak erabateko babes faltan uzten gaituela.

LABek premiazko deia egin dio Osakidetzako Zuzendaritzari, berehalako neurriak har ditzan. Premiazkoa da medikuen kontratazioa handitzea eta lan-baldintzak hobetzea, herritarrek kalitatezko osasun-arreta jasoko dutela bermatzeko.

Guzti honengatik, bai jendarteari, bai Osakidetzako langileei bihar 18:00etan Laudioko Udaletxeko plazatik aterako den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzen diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.