Testuinguru berezian datorkigu urriaren 12a, Kataluniako egoera puri-purian dagoenean eta Kataluniako Parlamentak, erreferendumean jasotako herri-mandatua bete ondoren. 78ko errejimena inoiz baino ahulago utzi du herri katalanak erakutsitako determinazio eta bideak, aldebakarreko prozesu herritar eta demokratikoak.
Atzo Kataluniako independentistek, parlamentuan estatu independientea sortzeko eginiko adierazpenarekin, nahiz momentuz etenaldian geratu den, eta ondoren sinaturiko akordioarekin, independentziarako bidean urrats bat gehiago eman zuten, aldebakarreko bidean sakonduz. Urriaren 1ean erreferenduma, ondoren emaitzen argitarapena eta atzo, parlamentuaren gehiengoak onartutako adierazpena. Kataluniak badu independentziarako adierazpena, etenaldian geratu dena bide negoziatu eta adostuari aukera eman nahian, hau da, Negoziaziorako ate bat zabalik utzi dute gainera.
Nazioarteko eragile desberdinek kontuan hartuko duten negoziaziorako borondatea izango da ziurrenik. Ez horrela estatu espainiarrak. Ez du ematen Estatuak eskaintza onartuko duenik. Ukazioa eta errepresioa erabili du orain arte, debekua eta mehatxua eta bortizkeriaz erantzun dio prozesuari, enpresen ihesaren edo atxiloketa berrien mamuak hauspotuz. Orain urrats bat harago joan eta konstituzioaren 155.en artikuloa ezartzeko prozedura abiatu du.
Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu honetarako.
Bihar, urriaren 12an, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta inposizioaren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu langileei. Bereziki Iruñeko Gaztelu Plazatik 17:00etan abiatuko den manifestaziora, "Demokrazia eta erabakia" lemapean.