2025-04-11
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu urtarrileko aste bakarrean Nafarroan lau langile hil direla istripuetan

Salatu dugu urtarrileko aste bakarrean Nafarroan lau langile hil direla istripuetan

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren parean, duela bi egun Arriben altueratik erorita zendu zen langilearen heriotzagatik protesta egiteko. Gauza da gaur berean bertze langile bat hil dela Cadreitan eta atzo bertze bat hil zela Funesen, beraz, dagoeneko lau langile direla urtarrilaren 10etik 17ra Nafarroa Garaian hil direnak. 2023an 12 izan ziren denera.

2024. urteak, dagoeneko, sei hildako utzi ditu Euskal Herrian, horietako lau Nafarroan. Azken urteetan Nafarroak lan istripuetan marka guztiak apurtu ditu eta badirudi joerak ez duela etenik. 2023an Nafarroan 26.360 lan istripu izan ziren (baja gabeak + bajadunak + larriak).

Izan ere, patronalak inpunitate osoz egiten dio muzin lan osasuneko araudiari. Aliatu estrategiko bat baitu horretan, Nafarroako Gobernua, zeinak ez baitu bitartekorik jartzen araudia betearazteko. Eta horren ondorioa urtetik urtera ikusten ari gara: lan istripu andana eta heriotz ugari.

Hobe luke Maria Txibiteren gobernuak ikuskatzaile gehiago kontratatzea patronala kontrolatzeko, eta ez milaka eta milaka euro xahutu prebentzio lurralde delegatua bezalako figuretan, zeinak enpresei araudia betearazi beharrean “xumeki gonbidatzen ditu” lan osasunerako araudia bete dezaten. Gogoratzekoa da badirela 28 urte Europan derrigorrezkoa dela araudi horiek betearaztea. Berandu dabiltza.

Arribeko heriotzaren gibelean badira arduradunak. Eta arduradun horiek badituzte laguntzaileak, konplizeak. Eta horiek guztiek erantzun beharko dute inoiz. Soilik langileria antolatuak irauliko du egoera hau. Lantokietan antolatzen jarraitu behar dugu, gero eta indar gehiago izateko, eta patronalari gauzak gero eta zailagoa jartzeko, Gobernuak babesten duen inpunitate hori behingoz buka dakion.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

UDALHITZ mahaia eratzea lortu da, negoziazioari ekiteko berme nahiko lortuta

15 urteren buruan, langileekiko arduraz eta begirunez joka dezala eskatzen dio LABek EUDELi. Izan ere, bada sasoia Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udal erakundeetan ezinbesteko erreferentzia den UDALHITZ marko arautzailea berritzeko.

Segurtasun juridikoa emango duen lege-babes berria eskatzen du LABek euskararentzat

LABek irmoki salatzen du Udal Legea garatzen duen dekretuaren aurka Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako ebazpenen kateaketak...