2024-07-23
HomeEkintza SindikalaGrebei ekin diegu Nutec Procalen itun eta lan-baldintza duinen alde

Grebei ekin diegu Nutec Procalen itun eta lan-baldintza duinen alde

Nutec Procal Berrizko Eitua poligonoan dagoen eta 50 langile inguruko plantilla duen enpresa da, eta bertako langileek kimikako estatu-hitzarmenean zehaztutako lan-baldintzak dituzte. Bertan ohikoa da ABLE bidezko kontratazioak egitea egiturazko lanpostuetarako, asko luzatzen direnak, batzuk urteetan. Egoera horren aurrean, langileek grebak hasi dituzte.

Enpresarekin hainbat aldiz saiatu dira negoziatzen, lan- eta soldata-baldintzak hobetzeko barne-itun bat sinatu ahal izateko, baina langileek zuzendaritzaren ezezkoa baino ez dute jaso, eta honek okertu ere egin du hasierako proposamena.

Orain arte, nahikoa ez zen igoera baino ez zuen eskaintzen enpresak, eta ez zuen lan-baldintzak estatalizatuta eta nahiko prekarizatuta dituzten langileekin beste hobekuntzarik negoziatu nahi. Are gehiago, hasierako eskaintza baino okerragoa egin du plantilla mobilizatuko zela jakitean, bere benetako aurpegia erakutsiz eta enpresak planteatzen dituen baldintzekin nekatuta dauden langileei beldurra sartu nahian.

Atzo egin zuten lehen greba eguna langileek, hainbat hilabetez itun bat negoziatzen saiatu ondoren, erosteko ahalmena bermatuko dien igoera bat eta ABLE bidezko kontratuen luzapena mugatzea lortzeko, langile horiek urteak baitaramatzate horrela kontratatuta, eta lanpostu estruktural eta finkoetan ari baitira lanean.

Ordezkaritza sindikal osoa LABek osatzen du, eta borroka proposamena egin zien irabazi handiak dituen eta, Estatuko hitzarmenaz harago, hobekuntzarik proposatzen ez duen enpresako langileei. Langileek irmo erantzun zuten eta %100eko jarraipena izan zuen grebak, enpresari plantillaren kohesioa erakutsiz eta itun duin baten beharra aldarrikatuz.

Adostasunik ez badago, langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte. Horrela, bihar, urtarrilak 18, 22:00etan, 24 orduko bigarren greba egunari ekingo diote eta ostiralean, hilak 19, lantegiaren sarreraren aurrean elkarretaratzea egingo dute 07:00etatik 15:00etara. Gainera, urtarrilaren 24tik aurrera, 8 greba egun egingo dituzte, otsailaren 2ra arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Microliquideko langileen asanbladak enpresaren azken proposamena ontzat eman du

Langileen mobilizazioei esker Enplegu Erregulazio Espedientearen baldintzak hobetu egin dira.

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.