2024-11-21
HomeEkintza SindikalaHildako bi langile utzi ditu dagoeneko 2024ak Bizkaian

Hildako bi langile utzi ditu dagoeneko 2024ak Bizkaian

Atzoko albistean jaso bezala, 54 urteko A.M.C garraiolaria hil zen Santurtzin, Eroskiko gasolindegietarako horniketa zerbitzua eskaintzen ari zela zehazki. Sindikatuak aurreratu bezala, istripu ez traumatikoaren zantzuak zituen, eta gerora horrela berretsi da. Bada, egun berean baina arratsaldez, beste behargin bat hil da, kasu honetan Trapagaranen, lantokiko ateak harrapatuta.

IVECO Bomloy enpresan gertatu da azken lan heriotza hau, K.R. langile Barakaldoarrari lantoki sarrerako ate astuna gainera etorrita. Segurtasun neurriak aldarrikatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte bertako langileek azken hilabeteetan. LABen jakin ahal izan dugunez, gainera, istripua eragin duen ate astuna orain bizpahiru aste matxuratu zen eta irekitze-ixte prozesua eskuz egin behar izan dute. Honela, enpresak honen berri izanik ere langileak lan baldintza ez seguruetan lan egitera behartu ditu eta honela gertatu da istripua. Prekarietateak eragin du heriotza berri hau, enpresaren erabakiz sortutako baldintza prekarioek, hain zuzen ere.

Patronalaren inpunitateak iaz 58 hildako utzi zituen Euskal Herrian, eta inpunitate honek berak aurten dagoeneko bi langile erail ditu. Berriro diogu: etekin ekonomikoak lan-osasunaren gainetik jartzea onartezina da.

Bitartean, Osalan zein Lan Ikuskaritza eraginkorrak ez izateko sortuak izan direnez, patronalak lasai jarraitzen du lan osasunerako neurriak bete gabe. Lan osasuneko araudia ez-betetze gehien dituen araudi bezala da ezaguna mundu juridikoan. Egitura instituzional horiek iraultzen ez diren bitartean, patronala kontrolatu eta isuntzeko plangintza gogor bat ezartzen ez den bitartean, egoerak berdin jarraituko du, sindikatuaren arabera, guzti hori langileek beren bizitzarekin ordaintzen dutelarik.

Langile klase antolatuak soilik lortuko ditu aldaketa sakonak. Bada, egoera hau salatzeko eta langileriaren elkartasuna adierazteko, datozen orduetan Trapagarango heriotza hau salatzeko egingo diren ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu du sindikatuak; izan ere, eguerdian elkarretaratzea deitu dute Iveco Bomloyko langileek. Bestalde, Santurtzin zendutako garraiolariaren kasua salatzeko beste elkarretaratze bat egongo da bihar, 10:30ean, Santurtziko udaletxearen parean, LAB-ESK-STEILAS-EHNE-HIRU intersindikalak deituta.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.