2024-07-23
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaDesobedientziarik gabe ez dago askatasunik

Desobedientziarik gabe ez dago askatasunik

Atzo, irailak 28, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko eguna izan zen. Gure irakurketa plazaratzeaz gain, Idazkaritza Feministako kide Arantza Vazquezek eta Elixabete Etxeberriak iritzi artikulu bat egin dute abortatzeko eskubidearen alde.

Emakumeoi, geure buruaz erabaki ahal izateko eskubidea etengabe ukatu zaigu mundu osoan zehar. Erabakitzeko eskubidearen aldeko emakumeon borrokak —mugimendu feministak zuzendua eta milaka emakumeek sustatuta—, 70eko hamarkadan, ordura arte pentsaezinak ziren ondorio sozialak izan zituen. 1976an 11 emakume atxilotu zituzten Basaurin, horietako bederatziri abortatu izana leporatu zitzaien, eta beste biri lagundu izana; izugarrizko elkartasun uhin geldiezina sortu zen. Mobilizazio haietan lortu zen, pitinka, hainbat urtetan, haurdunaldia borondatez eteteko legean aldaketak eragin ahal izatea.

1990eko irailaren 28an aldarrikatu zen, Latinoamerika eta Karibeko V. Topagune Feministan, Abortua Despenalizatzeko Eguna. Honen bidez gogoratzen da abortu ez-segurua eta klandestinoa dela inguru hartako herri askotako emakumeen heriotzen lehen arrazoia.

Gaur egun gurean, Hego Euskal Herrian, inposatutako lege batekin darraigu, haurdunaldia eteten «uzten diguna», lege horrek zehaztutako egoera eta baldintzetan. Gainera, ezin dezakegu ahaztu osasun publikora heltzen ez diren eta gure artean bizi diren emakume guztiek erabili ohi dituzten haurdunaldiak eteteko metodoak ezkutuan eta segurtasun urriko baldintzetan gauzatzen direla oraindik. Horrela, euren osasuna arriskuan jartzen dute, egoera irregularrean daudenek bide pribatura soilik jo dezaketelako. Geure buruaz erabakitzeko eskubideak klase-kontua izaten jarraitzen du; ezin dezakegu saihestu egoerak bere horretan dirauen bitartean borrokatu behar izango dugula, murrizketarik gabeko eta emakume guztiontzako eskubidearen alde.

Eta, era berean, gogorarazi nahi dugu askotan, desobedientziarik gabe, ez dagoela justiziarik. Geure buruez, geure bizitzez, geure herriez, geure nortasunez… erabakitzeko eskubidea ukatzen duten legeen adibideak ugariak izan dira azkenaldian.

Emakumeok geure buruari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan, funtsezkoak eta ezinbestekoak gertatu ziren Euskal Herriko emakumeen artean ehundu ziren elkartasun sareak; eta oso interesgarriak suertatu ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko emakumeen artean sortu ziren aliantzak. Haurdunaldien etenaldiak egin ahal izateko, ezinbestekoa gertatu zen osasungintzako eta beste arlo batzuetako langile askoren lankidetza eta laguntza, jardunbide horiek gauzatze aldera.

Haiek (osagileak, erizainak, gizarte-langileak, psikologoak, psikiatrak…), anonimoki, euren lanpostua arriskuan jarriz eta espetxe eta gaitasungabetze mehatxuak ere jasoz eta elkartasuna erakutsiz, ahalbidetu zuten emakume asko behartuak ez egotea nahi ez zuten haurdunaldi batekin jarraitzera; emakumeak babestu beharreko objektutzat jotzen zituzten lege burugabe eta bidegabeak desobeditu zituzten. Gogoratu 1990ean Iruñean hainbat osasun-langileri epaiketa egin zietela, Bideko Ama Birijina ospitale publikoan abortua egin izana leporatuta.

Irailaren 28arekin, gogora ekarri, omendu eta eskertu nahi ditugu horrenbeste urtetan elkartasuna adierazi duten eta emakumeok geure buruez erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan ezagutza eskaini duten langile horiek guztiak.

Gogora ekarri nahi ditugu, eta gure elkartasuna adierazi, erabakitzeko eskubidea egikaritzeagatik gaur egun espetxeratuak izaten ari diren emakume guztiak ere. Haiei esker, borroka hau ere posible izan zen!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.