LABen ustez, atzo Gasteizko legebiltzarrean onartu zen EAE-ko enplegu legea motz jaio da bere sorreratik; izan ere, EAE-k eskumen mugatuak ditu enplegua erregulatzeko garaian, Estatutik datozen arau eta irizpideak ordenatzeko aukera besterik ez baitago. Gainera, Lanbidek izango duen izaera juridikoaren aldaketa salatu du LABek, pribatizazioari eta kontrol publiko ezari ateak irekiko baitizkio.
Euskal Herriak benetako enplegu lege bat behar duela uste du sindikatuak, Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren bidean urratsak emanez. Hala, nabarmendu du atzoko legea aukera galdu bat izan dela bide horretan lanean hasteko.
Enplegu politika diseinatu ahal izateko ezinbestekoa da herri batek eskumen osoak izatea, zer nolako enplegua sortu nahi dugun, nola egingo dugun hori eta nola banatuko dugun erabaki ahal izateko. Atzo onarturiko legeak bere sorreratik du muga hori, gaur egun Autonomia Erkidegoetan egin daitezkeen enplegu politikei, ezin baitzaie horrela deitu. Eskumenen mugak azaleratu nahi genituzke beraz. Izan ere politika aktiboak garatzeko eskumena jasoa dugu EAE-n, ez ordea pasiboena, eta ondorioz, Estatutik datozen arau eta irizpideak ordenatzeko aukera besterik ez daukagu. Enplegua eskubide subjektibo gisa onartua izan da enplegu legean, eta hori aurrerapausoa da gure ustez, baina berau egikaritzeko eta praktikan jartzeko tresnak zehaztea falta zaigu.
Euskal Herrian bertan eta Euskal Herriarentzat diseinatutako enplegu politikak garatu ahal izateko ezinbesteko bitartekoa da lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren eraikuntza. Marko hau gainditzeko proposamenak eginak dauzkagu, esaterako Euskal Herrirako proposatzen dugun lan kodea. EAE-n proposatzen diren lege eta araudiek ere norabide hori jasota behar lukete LABen ustez. EAE-ko enplegu legeari ez diogu ordea markoa gainditzeko, marko propio baterantz urratsak emateko bokaziorik ikusten. Ez du Estatuagandik menpekoa izango ez den elkarrizketarik bultzatzen, edo ez dio legeak berak definitzen duen enplegu duin hori bermatzen lagunduko luketen balizko lanbidearteko akordioei erreferentziarik egiten.
Bestetik, Lanbideren pertsonifikazio juridikoaren berregituraketa salatu du LABek, zuzenbide pribatuko entitate publiko gisa definitzen baita, eta horrek kezkatu egiten du sindikatua, pribatizazioari atea ireki ahal dion aldaketa bat delako.
Zuzenbide pribatuko entitate publiko izatera aldatzeak sakoneko aldaketak ekarriko dizkio Lanbideri. Batetik, Lanbideko langileei dagozkionak. Urte luzez behin-behinekotasun tasa oso altuak jasan ondoren, egonkortasun prozesuei bide eman zitzaien azkenean, eta langileek lasaitasun pixka bat izango zutela uste izan dutenean, pertsonifikazio juridikoaren aldaketak zuzenean eragingo dio euren egoera laboralari, funtzionario postua dagoeneko lortu duen langileak ere bi aukeren artean erabaki beharko duelako: Lanbiden laboral gisa jarraitu edo funtzionario gisa irteera prozesuan. Gainera, erreferentziazko hitzarmen kolektiboa edota langileen hornidura gisako gaiak Administrazio Kontseiluak onartu ahal izango ditu.
Lanbideren izaera juridikoa aldatzeak ez die langileei bakarrik eragingo ordea. Kontrol ekonomikoa eta kudeaketa kontrola galduko dira, Funtzio Publikoak gainbegiratu beharko ez duelako, hori 1000 milioiko aurrekontua eta 1200 langile dituen erakunde batean. Kontrol publiko ezak hamaika eremutan eragin ahal izango du, ekonomikoan, baina baita beste hainbatetan ere: gogoan izan behar dugu gaur egun ere entitate kolaboratzaileen bidez estalitako azpikontratazioa egiten duela Lanbidek, eta orain, azpikontratazio hori gauzatzeko garaian berme are eta gutxiago izango ditugu. Ardura kargu desberdinak sortu ahal izango dituzte, bertarako sarbidea gobernuaren konfidantzazko pertsonetara mugatuz. Euskararen inguruan ere eragin ahal du, Eusko Jaurlaritzaren euskara planetik kanpo geratuko bailitzateke erakundea.
LABen esanetan, Euskal Herriak benetako enplegu lege bat behar du, Euskal Herritar guztiontzat enplegu duina bermatuko duen legea, bizitza bizigarriak garatzea ahalbidetuko duena, zaintza lanak eta euren banaketa orekatua aintzat hartuko dituena. Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua eraikitzea, eta bide horretan urratsak ematea ezinbestekoa da horretarako, eta sindikatuaren ustez enplegu lege honek ez dio erantzuten Euskal Herriko langileriak duen beharrari.