2024-11-23
HomeEkintza SindikalaAlternatiba ekosozialaren aldeko apustua ardatz hartuta mobilizatu dira Mecanerreko langileak gaurko greba...

Alternatiba ekosozialaren aldeko apustua ardatz hartuta mobilizatu dira Mecanerreko langileak gaurko greba egunean

Bilbon egin dute manifestazioa goizean, eta enplegu suntsiketa ekiditeaz gain lantegian jarduera sozialki eta ekologikoki jasangarria ezartzeko beharrizana azpimarratu dute. Horretarako, bada, irabaziak lehenetsi eta langileak hutsaren hurrengotzat hartzen dituzten multinazionalen aurkako neurriak ezarri eta alternatiba jorratzeko inplikazioa eskatu diete instituzio publikoei.

EITBren egoitzan hasita, Bilboko erdigunetik egin dute manifestazioa Urdulizko Mecaner lantegiko beharginek, San Tomas egunean ere kalean ikus ditzaten eta beren egoera sozializatzeko asmoz. Izan ere, Mecanerren jabe den Stellantis multinazionalak Uribe Kostako lantegia ixteko erabakia jakinarazi zuen, deslokalizazioaren hautua egin baitu, kostuak murrizteko helburu soilarekin, irabazi handiak izaten jarraitzen baitu enpresak. Bada, autogintzako lantegi hori oso garrantzitsua da eskualdean, urte luzeko ibilbidea baitu eta 150 pertsona inguru baitabiltza bertan lanean; horrez gain, baina, eskualdeko beste enpresa txiki askorentzako lana ere bermatzen du.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek hasieratik azpimarratu dute gaur egun eskualdean dagoen ehun industrialari izugarrizko kaltea eragingo liokela Mecaner ixteak. Aldi berean, uste dute garaiotan bertako jarduna eraldatu eta alternatiba ekosozialista ezartzeko ordua dela. Horrenbestez, udalaren babesaz prozesu bat abiatu dute alternatiba horren nondik-norakoak zehazteko. Txostena osatu dute, baina nabarmendu dute behar-beharrezkoa dutela Eusko Jaurlaritzaren eta beste instituzio publikoen babesa beren asmoak aurrera eramateko. Bada, gaurko egunean manifestazioan zehar hainbat komunikabideren egoitzak zeharkatu dituztela aprobetxatuta, alternatiba ekosozialaren irizpideak biltzen dituen txostena banatu dute, argi erakusteko langileen borondatea irmoa dela eta proposatzen duten aukerak egingarriak direla.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.