LABek idatzi bat erregistratu du gaur Euskal Herriko hiru instituzioetan: Gasteizen, Eusko Jaurlaritzan; Iruñean, Nafarroako Gobernuan; eta Baionan, Euskal Elkargoan. Erakundeek erreferendumaren mesedetan joka dezatela eskatu dugu dokumentuan.
Idatziaren bidez Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoarengana zuzendu gara, honakoa eskatzeko:
-Katalunian gertatzen ari dena oso larria da, eskubide zibil eta politikoak, askatasun demokratikoak urratzen ari dira. Demokrazia bera dago jokoan.
-Kataluniako gobernuak zilegitasun osoa du urriaren 1eko erreferenduma deitzeko. Herriari hitza eman eta hitza errespetatzea demokrazia kontua da.
-Urriaren 1ean kataluniako herriak bozkatzeko duen eskubidea urratua izaten ari da. Espainiako gobernuak auzi politiko bati errepresioarekin erantzun dio. Momentu honetan salbuespen egoera dago Katalunia.
Gertatzen ari dena kontuan hartuz, honako eskaerak zuzentzen ditugu:
-Kataluniarekiko babes eta elkartasun osoa adierazi dezala eta errepresio bidearen aurkako jarrera argia azaldu dezala.
-Espainiako Gobernuari exijitu diezaiola Urriaren 1eko erreferendumaren antolaketa eta gauzapena errespetatzea bertatik ateratako emaitza onartzea.
-Erabateko eta baldintzarik gabeko babes politikoa eman diezaiola urriaren 1eko errefendumari eta bertatik ateratako emaitzak zilegitzat har ditzala ondorio guztietarako.
-Laguntza logistiko eta juridikoa eman diezaiela Kataluniako instituzioei eta kataluniako herriari erreferendum hori ahalik eta berme gehienekin egin dadin, besteak beste:
-Instituzio honetako zerbitzu juridikoak Generalitatearen behar izanetarako eskainiz.
-Begirale moduan arituko litzatekeen ordezkaritza instituzionala bidaliz.
-Boto paperak inprimatu nahiz bozka kutxak jartzeko, edo behar denerako beharrezkoa den laguntza logistikoa eskainiz.