Alfredo Remirez kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta amurriotarra urtebetez espetxeratu nahi dute sakabanaketa salatzeagatik. Horixe izan da bere delitu bakarra. Bistan da Espainiako Estatuaren errepresioak ez duela etenik, eta, egoerak egoera, garaiak garai, euskal herritarrak jopuntuan izaten jarraitzen dutela; adierazpen askatasunaren kontrako erabaki hau aurretik hartutako beste batzuen segida besterik ez da. Aski da, jazarpen honekin amaitu beharra dago.
LABetik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Remirezi, eta, bide batez, amurriotarrari babesa eskaintzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, manifestazio bat egingo dute ostiralean, 20:00etan, Amurrioko Juan Urrutia plazatik abiatuta.