2024-11-22
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaIrailaren 28rako mobilizazioak deitu ditugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniari babesa emateko

Irailaren 28rako mobilizazioak deitu ditugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniari babesa emateko

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuok urriaren 1ean Katalunian egingo den erreferenduma babesten dugu, eta bere emaitzak onartzeko konpromisoa adierazten dugu. Demokrazia eta herrien autodeterminazio eskubidea da urriaren 1 honetan jokoan dagoena. Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu elkartasunetik eta klase aliantzatik, Kataluniako prozesuaren aurrean konpromisoa hartuz eta honen parte aktibo izanez.

Euskal gehiengo sindikalak agerraldi bat egin dugu gaur, Bilbon, Kataluniaren erreferendumaren aldeko mobilizazioen berri emateko. Irailaren 28an irtengo gara kalera, eta hauek dira hitzorduak:

BILBO. Moyua plazan.11:00
DONOSTIA. Alderdi Eder, 11:00
GASTEIZ. Gobernuko Azpiordezkaritzan. 12:00
IRUÑA. Gobernuko Ordezkaritzan.12:00

Lehenik eta behin, konbentzituta gaude mobilizazioari eta herri aktibazioari esker bakarrik lortu daitekeela urriaren 1ean Kataluniako herritarrek bozkatu ahal izatea. Bigarrenik, ulertzen dugu Kataluniak irekitako bideak beste ate bat ireki dezakeela Espainiar estatuko gainontzeko nazio eta herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko eta gizarte demokratiko eta justuagoa lortzeko.

Kataluniako instituzioen legitimitatean sustraitutako ariketa demokratiko legitimoa izateaz gain, Kataluniako gizartearen gehiengoa -independentziaren alde ala kontra egon- auzi horri buruz galdetua izatearen alde dago.

Horregatik, Espainiako Gobernua komunikabideen, alkateen, Generalitatearen eta oro har Kataluniako herriaren kontra gauzatzen ari den eraso antidemokratikoa irmoki salatzen dugu. Sistema demokratiko batekin baino frankismoaren garaiarekin zerikusi handiagoa duen salbuespen egoera ezarri du PPk, PSOE eta Ciudadanosen laguntzarekin.

Era berean, deitoratzen ditugu bi jarrera: alde batetik, hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonda ere, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza. Bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza onartezina iruditzen zaigu, Rajoyen gobernuarekin egindako akordioek PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako.

Gainera, PPrekin lortutako akordioek, antisozialak izateaz gain, autogobernua mugatzen dute. Euskal gizartean kontrapisu eraginkorrik behar du, bestela propaganda ofizialak bidea irekita dauka Kataluniarekiko ustezko elkartasuna eta PPrekin akordioak aldi berean defendatzeko. Bestela, jarrera tinkoagoa eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, demokraziaren aldeko prozesuaren kontrako errepresio bortitza ikusita, inork ezin duelako beste aldera begira egon.

Beraz, agiri hau sinatzen dugunok mobilizatu eta erreferendumaren defentsaren parte aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugu, betiere, urriaren 1 honetan herri katalanak botoa ematera joateko aukera eduki dezan modu libre eta demokratikoan. Gauzak horrela, Kataluniako herriarekiko elkartasuna erakusteko elkarretaratzeak deituko ditugu Hego Euskal Herriko lau hiriburutan, irailaren 28an.

Aranburu: "Atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu"
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitz hartu du agerraldian. "Tinkotasunez salatu nahi dugu aste honetan Espainiako Gobernuak emandako jauzi errepresiboa. Generalitateko 14 goi-karguren atxiloketa eta miaketekin koska bat estutu dute bide errepresiboa. Lehenik eta behin, atxilotu guztiak askatzea eskatzen dugu", nabarmendu du Aranburuk.

Erreferendumari baldintzarik gabeko babesa adierazten diogula adierazi du: "Espainiako estatuak erakutsi du ez dela posible adostutako bidea egitea, ez duela herri langileen erabakitzeko eskubidea bermatzen. Kataluniako herriak zilegitasun osoa du erreferenduma deitzeko".

Euskal Herrian ere gauza asko jokoan daudela aipatu du: "Bi errealitate ezberdin bizi dituzten bi herri gara. Baina bi herriok nahi dugu erabakitzeko eskubidea egikaritu, aipatu eskubidea egikaritzea eragozten duen Estatu guztiz antidemokratiko baten barruan. Katalunia 78ko erregimena zalantzan jartzen ari da eta Euskal Herria bigarren fronte bat irekitzeko gai izan behar gara. Antzerako burujabetza prozesua jarri behar dugu martxan Euskal Herrian. Erakitzeko eskubidearen alde dago gehiengoa".

EAJrentzat hitzak ere izan ditu idazkari nagusiak: "Ez du ematen hau denik EAJren gobernuaren bidea. Atzo bertan entzun genuen Urkullu berriro aldebikotasunaz hitz egiten. Erabakitzeko eskubidea errespetatuko ez deula erakusten ari den estatu bati aldebikotasuna eskatzea herri honetan burujabetza-prozesuaren aldeko apustua egiten ez dela esateko izkutuko modua da, jendarteak dituen burujabetza nahiak lokartarazteko modua".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.