2024-11-22
HomeIrakaskuntzaUnibertsitateaEuskal Herriko Unibertsitatean oro ez dela urre salatu dugu

Euskal Herriko Unibertsitatean oro ez dela urre salatu dugu

Egun hauetan Urkullu Lehendakariari entzun diogu Goi mailako Irakaskuntzak eta Ikerkuntzak bikaintasunerantz jarraitu behar duten ahaleginean bidelagun izan nahi duela Eusko Jaurlaritzak. UPV/EHU bide horretan ari da ere. Denek bolo-bolo erabiltzen dituzten hitzak dira “bikaintasuna”, “kalitatea”, “lehiakortasuna”, “rankingak”, “emaitza hobeak”, “prestigioa”, “kontratazioen malgutasuna”, “finantziazio pribatuari aukerak zabaltzea”… Dudarik ez dago. Goi mailako irakaskuntza eta ikerkuntza ezinbesteko tresnak dira euskal jendartearen egungo eta etorkizuneko bizitza-kalitatea bermatzeko. Hori guztia baina, ez da doakoa, ezta langileon eskubideen lepora bermatu daitekeen ‘miraria’. Esfortzu hori ez dute makinek egiten, euskal unibertsitate publikoaren langileok baizik: irakasleek, ikerlariek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek. Baina gutaz ez dute gehiegi hitz egiten gure agintari politikoek, ezta, zoritxarrez, UPV/EHUkoek beraiek ere. Eta gutariko askoren lan egoera ez da bikaina, askok kontrakoa uste badute ere.

UPV/EHUn partzialtasuna eta behin behinekotasuna betikotze joera hartzen ari da lanpostu gehiegitan, eta egoera horietan dauden irakasle, ikertzaile eta langileen lan baldintzak eta soldatak ezer gutxi dute bikaintasunetik, kalitatetik edo duintasunetik. Hona hemen zenbait adibide:

IRI alorrean:
Irakasleen artean, 200 pertsonatik gorako “itxaron zerrenda” dago, eskakizun guztiak bete ondoren, plaza finkoa ateratzeko zain urteak daramazkienak; 1.150 behin behineko ikertzaile inguruk ez dute batere argi zein izango den euren etorkizun hurbila; irakaskuntzako jarduera erdiko kontratua duten irakasleen soldata gordina 492 €-koa da (jardun osoko soldataren %22a); eta unibertsitateko irakasle askoren urteko oinarrizko soldata, ertainetako irakasleena baino 6.000 € baxuagoa da.

AZP alorrean:
Administrazio eta Zerbitzuetako langileen egoera ez da askok uste bezain ona: langile mota hauen arteko behin- behinekotasun tasa gure inguruko administrazio publikoetan parekorik ez duten kopuru lotsagarrietan dago: funtzionarioen artean %53,4koa da, eta %85,2 laboralen artean! Osotara, AZPko langile guztien %61,2 behin behinean ari dira. Horien artean badaude 6, 9, 12 eta 15 urte baino gehiago kontratuz kontratu ibili direnak, Europako arauek eta epaiek dioten guztiaren gainetik pasatuz. Gainera, behin betikoek dituzten zenbait eskubide ukatu egiten zaizkie behin behineko askori.

Orokorrean:
2010etik aurrera soldata jaitsierak pairatu ditugu: %5 batez beste jaitsi ziguten hasieran; 2012an kendu ziguten ezohiko paga, inguruko administrazioan itzulia izan bada ere, gurean ez digute oraindik %25a itzuli; gure lansariaren % 3 suposatzen zuen Itzarriri egiten zitzaion ekarpena ezabatu zuten, eta galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko neurriak bultzatu ordez – inguruko administrazioetan egin bezala- %1 igoko digute soldata…

Aurrekoaz gain, Eusko Jaurlaritzak EHUrekin hitzartutako konpromisoak ez ditu bete, aurreko Unibertsitate Planean zein oraingoan ezarritako diru-ekarpenak urterik urte murriztuz joan dira eta. Honek irakaskuntzaren kalitatea gutxitzea (praktiketarako eta bestelako ekimenetarako dirurik eza…), ikerkuntzarako baliabideak urritzea eta azpiegituretan (noizko
Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria?) eta eraikinetan egin beharreko inbertsioetarako edota eraikinen mantentze- lanetarako diru eskasia nabarmena eraginez.

Honengatik guztiagatik diogu ez dela nahikoa finantziazio publikoaren %5eko igoera, errektore andreak lehendakariari eskatzen diona, UPV/EHUk 2010ean jasotzen zuen finantziazio mailaren azpitik utziko lukeena; prekarietateari eta behin- behinekotasun tasa izugarriei aurre egiteko neurriak hartu behar direla ahalik eta azkarren (egonkortasun akordio berriak adostuz eta birjartze tasak albo batera utzita ganorazko Lan Eskaintza Publikoak ahalbidetuz IRI eta AZP alorretan, besteak beste); eros-ahalmena berreskuratzeko edota kolektibo batzuen soldata iraingarriak duintzeko KPIren gainetiko igoerak egin behar direla (ezohiko paga osoa itzuliz 2017an, Itzarriri ekarpenak berriro eginez, osagarrien auzia konponduz eta beren deialdiak normalizatuz, bosturtekoak eta seiurtekoak ordainduz behin-behineko IRIei, Lan Postuen Balorazioa burutuz AZP- koenean…), lan baldintza duinak kolektibo guztietara zabalduz eta UPV/EHUk dituen behar ezberdinei ganoraz heltzeko (irakaskuntzan, ikerkuntzan, transferentzian, inbertsioetan, euskalduntzean eta, nola ez, bere langileekiko konpromisoetan), finantziazio publikoa, egonkorra izateaz gain, igo egin behar dela, Europako batez bestekoetara hurbiltzen joan gaitezen, orain arteko Eusko Jaurlaritzaren kontrako norabideari buelta emanez.

Honek guztiak, ez besterik, berma baitezake benetan bikaintasun eta kalitateranzko urrats sendoak eman ditzala UPV/EHUk esparru guztietan eta, ondorioz, Euskal Herriari eta bere jendarteari merezi eta behar duen ekarpena egin diezaiola. Guk argi adierazi nahi diegu Nekane Balluerka Errektore andreari eta Iñigo Urkullu Lehendakariari zer nahi dugun: Egonkortasuna orain, soldata eta lan-baldintza duinak guztiontzat eta UPV/EHUren finantziazio publikoa igotzea.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.