2024-11-23
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaPremiazkoa da AHTren lanen gaineko auditoria egitea

Premiazkoa da AHTren lanen gaineko auditoria egitea

ELA eta LAB sindikatuok otsailean egin genuen publiko EHUko Ekopoli, Ekonomika Ekologiko eta Etakologia Politikorako Ikerketa Taldeari eskatutako txostena, AHTren bideragarritasunaren inguruan. Mundu akademikora gerturatu ginen AHTren inguruko eztabaida hauspotu asmoz. Txosten horren ondorioa argia izan zen: AHTren lanetako gastuek kalte izugarria ekarri digute eta aurrerantzean ere egiten jarraituko digute langileoi eta euskal herritarroi orohar, eta ez ekonomikoki bakarrik, bai sozialki eta baita ingurumenari dagokionez ere.

Txostena jendaurrean aurkeztu eta jarraian, Eusko Legebiltzarreko talde guztiei helarazi genien erakundeetan erabaki berriak har zitezen, aurrekaririk ez zeukan azterketa zeukatelako eskuetan.

Txosten hori landu eta publiko egin dugun hilabete horietan, prebarikaziorik kontratazio iruzurrik, fondo publikoen erabilera bidegaberik eta dokumentu ofizialak faltsutzerik izan den ikertzen aritu dira Ertzaintza eta Guardia Zibila. Komunikabide batek publiko egin duen informazio honek gainkostuen arrazoia argituko luke. Frogen artean, bost ordutako elkarrizketen grabaketak ageri dira. Horietan, gainkosteetako irregulartasunez gain, komisioak eta eroskeria ere ageri dira adjudikazioak emateagatik. Euskal jendarteari azalpenak eman beharko dizkiete AHTaren bultzatzaileek, epaitegietatik libratzen badira ere.

Gure aldarrikapenek pisu gehiago hartzen dute horrelako ustezko gertakarien aurrean. AHTaren lanen gaineko auditoria egitea premiazkoa dela deritzogu. Auditoria horrek gure ustez, egoera finantzieroa, ingurumenari dagokiona eta soziala jaso behar ditu. Lan hori egin bitartean, obrak gelditu behar dira, eta ezin daiteke euro bakarra ere lan horietara bideratu aurrekontu publikoetatik. Era berean, ikerketa horrekin jarraitzea exijitzen dugu modu garden batez. Kasua artxibatzea ez zaigu inola ere onargarria iruditzen. Ustez desbideratu diren diru kopuru horiek, urgentziaz behar ditugu herritarrok zerbitzu sozialetarako, osasungintzarako eta hezkuntzarako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.