2024-12-19
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLa Pauren gezurrei erantzun die Bizkaiko Larrialdietako Garraio Zerbitzuko enpresa batzordeak

La Pauren gezurrei erantzun die Bizkaiko Larrialdietako Garraio Zerbitzuko enpresa batzordeak

Bizkaiko Garraio Sanitario Ez Presazkoaren Zerbitzuko Enpresa Batzordeak erantzun nahi abenduaren 7an argitaratutako artikuluan La Pau enpresak adierazitako gezurrei eta difamazioei, herritarrek sektorearen egoeraren irudi argiagoa izan dezaten.

Artikulu horretan, La Pau anbulantzia-kooperatibak salatu du zenbait hilabete daramatzala plantillaren aldetik “ezkutuko greba” jasaten, lan-absentismoa plantillaren %25etik gora igo delarik eta zereginak aurrera eramatean langileek arreta eta ardura “justifikaziorik gabe bereziki areagotu” duelarik, eta saiatzen dela zerbitzua “nahita” atzeratzen, Bizkaiko eta Arabako zerbitzuaren “kalitateari eta eraginkortasunari kalte larria” eraginez.

Jakina, laneko absentismoa (hau da, langileen baja medikoak) handia da. Urteak dira hala gertatzen dela, eta azken hilabeteetan zertxobait gora egin badu, La Pauk Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea ez betetzeagatik da, modu sistematikoan, gainera. Hori dela eta, Lan Ikuskaritzak behin eta berriz zigortu du enpresa, langileen osasun egoera larriagotzen ari delako eta hainbat lan-istripu eragiten dituelako: lesio muskulu-eskeletikoak prebenitzeko beharrezko bitartekoak ez jartzea; lan-ekipoen eta konponketa lardaskarien mantentze-lan baliogabeak; pneumatikoen adabaki irregularrak eta akastunak eta horien ondoriozko eztandak eta istripuak; langileei oso tratu txarra ematea, etengabeko kalte psikosozialak eragiten baititu; zerbitzuen kudeaketa ez-eraginkorra, langileei estres handia eragiten baitie; eta abar. Eta, zerbitzua kudeatzen daramatzan hiru urteetan, legeak langileei ezartzen dizkien osasun-azterketak ere ez ditu egiten.

“Justifikaziorik gabeko gehiegizko ardurari” dagokionez, segurtasun- eta osasun-batzordeak Lan Ikuskaritzarekin eta Osalanen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) aholkularitzarekin ezarritako jarraibideen aplikazioa baino ez da, hain zuzen ere absentismoaren sortzaile nagusia (bajak) geldiarazten saiatzeko, eta ahal den neurrian langileen osasuna babesteko, enpresaren jarrera arduragabeak erabat babesik gabe uzten baitu, laneko arriskuen prebentzioaren oinarrizko printzipioak alde batera uzten baititu.

Gainera, enpresak ziurtatu duenez, absentismo horren eta “gehiegizko ardura” horren ondorioz, “etengabeko aldaketak” eragiten ari dira zerbitzuetan, eta, ondorioz, “ahalegin handiagoa” egin behar da pazienteei zuzenean eragiten dieten atzerapenak saihesteko.

Langileen eguneroko ahaleginari esker, zerbitzua ez da hondoratzen, nahiz eta langile gutxi, baliabide falta eta kudeaketa ezegokia izan. Izan ere, langile horiek pazienteez arduratzen dira, eta ez dituzte zifra bat bezala tratatzen. La Paueko zerbitzuaren kudeaketa negargarriaren ondorioz etengabeko atzerapenak, tratamendu-galerak eta ospitaleetan egin beharreko gaualdiak jasan dituzten ehunka pazienteei galdetzea gustatuko litzaiguke. Eta hori guztia ez da hasi duela hiru hilabete, baizik eta kudeaketa hasi zenetik, duela hiru urte.

Ondoren, inolako lotsarik gabe, La Pauk zioen “ezkutuko greba” hori egiten dela sindikatuok orain arte deitutako bi grebetan langileen partetik “jarraipen eskasa” (%30 baino gutxiago) egon delako.

Gertaerak gehiago desitxuratzea ezinezkoa da. Neurrigabeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ondoren (greba-egunetan zerbitzu bat bera ere egin ez zuten anbulantziak eta, ondorioz, atera beharrik izan ez zuten gutxieneko zerbitzuetako langileak egon izanak argi uzten duenez), gutxieneko zerbitzuetan ez zegoen inor ez zen lanera joan, eta, beraz, grebaren jarraipena grebarekin bat egin zezaketen langileen % 100ekoa izan zen.

Eta langileak iraindu ondoren zein gertaeren inguruan inolako lotsarik gabe gezurretan aritu ondoren, herritar guztiak zuzenean gutxietsiz, La Pauk dio konpromiso irmoa duela elkarrizketarekin eta konponbideak bilatzearekin, eta sindikatuei elkarrizketa eskaintzen diela berriz ere akordio bat lortzen saiatzeko. Ausarta izan behar da gero!

Ez dakigu zer elkarrizketa eta akordio motari buruz ari den; izan ere, La Pau enpresak eskaintzen digun guztia honako hau da: lan-arriskuak murrizteko beharrezko neurriak ukatzea; lan-egutegia ezartzea, hitzarmena eta araudia bete gabe; sektoreko hitzarmenaren egungo negoziazioan baldintzak eta eskubideak murriztea; greba-egunetan gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezartzea, indarra erabilita, eta langileen zati handi bati grebarako eskubidea ukatzea… Hori da La Pauren elkarrizketarako borondatea.

Benetan gertatzen dena da La Pau EAEra iritsi zela, zerbitzua arduradun inkonpetente batzuen esku utz zezakeelakoan, eta ahalegin txikiarekin etekin on batzuk lor zitzakeelakoan. Baina ez zuten kontuan izan hemen sindikatuak ez direla saltzen, eta langileen eskubideak defendatzearen alde borrokatzen direla beste ezeren gainetik. Eta orain, tratu txarrak emateaz gain, iritzi publikoaren aurrean txarretan txarrenak bagina bezala agertu nahi gaituzte. Baina beren egintzekin beren burua agerian uzten ari direnak beraiek dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.