2024-11-22
HomeEkintza SindikalaSOS Deiak eta Trafikoko telefono zerbitzua ematen duten langileek muturreko egoeran dihardute...

SOS Deiak eta Trafikoko telefono zerbitzua ematen duten langileek muturreko egoeran dihardute beharrean

Langile faltak ezinezko egiten du zerbitzua behar bezala ematea, eta eragin nabarmena izaten ari da plantillaren lan-osasunean.

LAB sindikatuak salatu du Lanaldenek, SOS Deiaken (112) eta Trafikoren (011) zerbitzuaz arduratzen den enpresak, urtebete baino gehiago daramala Eusko Jaurlaritzak baldintza-agirietan ezartzen zuena baino plantilla txikiagoarekin.

Hilabete hauetan, hainbatetan eman dute zerbitzua muturreko egoeretan, eta bederatzi pertsonatik lau bakarrik egon dira EAEko lurralde guztietako larrialdiei erantzuteko. Egoera horren ondorioz, SOS Deiakeko (112) eta Trafikoko (011) langileak arrisku psikosozial handian daude etengabe, eta estresagatiko edo antsietateagatiko bajek gora egin dute.

Adibide gisa, azaroko azken astean, Trafikoan hiru pertsonak lan egin zuten goizeko txandan. Azaroaren 29an, egun arrunt batean, hainbat istripu izan ziren, N1, N-634 eta Txorierriko korridorea ordu luzez moztu zituztenak. Hiru orduko epean 135 gertakari jaso ziren, eta bi pertsonaren artean kudeatu behar izan ziren. Egoera bera gertatzen da SOS Deiak-eko plantillan.

LABek salatu du, halaber, Lanalden enpresak ez duela zerbitzu horietarako behar adina langile plantillarentzat eta herritarrentzat segurtasun baldintza duinetan jarduteko, eta, gaur egun, ez dutela gaitasunik dimentsio handietako larrialdi-egoerei aurre egiteko.

LABek horren berri eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta bilera bat eskatu dio Jon Aizpuruari, zerbitzu horretako arduradunari, enpresak zerbitzuan duen utzikeriaz hitz egiteko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritza ez da oraindik sindikatu horrekin harremanetan jarri.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.