2024-11-22
HomeUncategorizedNafarroako Itunpeko Akordioaren sinatze kritikoa egin dugu

Nafarroako Itunpeko Akordioaren sinatze kritikoa egin dugu

Urtebete baino luzeago izan den negoziazio eta mobilizazio prozesuaren ostean, eta abuztuaren hondarrean egon diren aurrerapausoei esker, LABek Nafarroako Gobernuarekin akordio berriaren sinatze kritikoa egin du. Ez da LABek nahiko lukeen akordioa, baina azken txanpan hainbat puntu garrantzitsu bermatu ondoren, aurrera egiteko moduko akordioa dela iruditzen zaio.

LABek baloratu du azken egunetan Hezkuntza Departamentuak erakutsitako borondatea eta emandako pausoak. Aintzat hartu ditu hainbat lorpen, horietako batzuk aurretik ezinbestekoak zirenak LABentzat: %1 2017an ez irakasleentzat, 2018 eta 2019ko igoerak bermatuta, ordezkapenak lehenengo egunetik lau kasu berezietan eta gardentasunean lortutako aurrerapausoak, oraindik nahikoak ez izan arren.

Aldiz, sindikatuak aitortzen du ez dela akordio zoragarria: langileek 57 urterekin bi ordu lektiboen murrizketa izanen dute, gerora lau izanen direnak; formazioan eta langileen birkokapenean ez da lehengo egoera mantentzen eta ez da lortu 2016ko igoera.

Afiliatu eta delegatuekin kontsultatu ondoren, LABek arduraz jokatu nahi duela adierazi du eta sinatze kritikoa egitea erabaki du. Akordioaren alde positiboa bermatuta, LABek ez dio uko egiten 2016ko igoera eta beste eskubide batzuk berreskuratzeari. Sindikatuak azpimarratu du Hezkuntza Departamentuaren ardura dela langileek jasandako UPNren murrizketekin ahalik eta azkarren bukatzea batetik eta langileek galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea bestetik. Sindikatuak horren alde borrokatzen jarraituko du.

Gainera, LABek patronalak, uda baino lehen beraiei interesatzen zitzaiena ziurtatu ondoren, garai hartan langileentzat kaxkarra zen proposamena sinatzeko prest azaldu zirela salatu du. LABek argi dauka patronalek zuzenean inplikatu behar direla beraien langileen lan baldintzen hobekuntzan. Sindikatuaren iritziz orain arte, patronal batzuek, dirua jaso duten bitartean, beste aldera begiratu dute inongo lotsarik gabe langileen lan baldintzen arazoa Nafarroako Gobernuari pasaz.

LABen ustez patronalek, zerbitzu publikoa emateko Administrazioaren dirua jasotzen duten heinean, orain arte erakutsi ez duten gardentasuna adierazi behar dute diru horren erabileran eta kontratazio prozesuetan. Irakaskuntzarekin zuzenean lotutako langileen formazioa ziurtatu behar dute eta horretarako erabil dezaketen diru publikoa behar den bezala justifikatu. Akordiotik Haur Hezkuntzako patio zaintza garai lektibotzat jotzen zuen puntua desagertu da. ANEG eta CECE patronalak negoziazioan prest azaldu dira behin baino gehiagotan bere gain hartzeko. LABek dio orain dela momentua emandako hitza betetzeko.

LABen ustez garaia da ere, Ikastolek duten antzera, Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileen lan baldintzak hobetuko lituzkeen lan hitzarmen propioa izateko. LABek patronalei beraien langileekiko ardura hartzeko galdegiten die. Nafarroako Itunpeko Irakaskuntzako langileek negoziazio kolektiborako duten eskubidea bere osotasunean garatu behar da.

Azkenik, LABek azken urte eta erdian, langileek burututako mobilizazioak eta erakutsitako inplikazioa goraipatu ditu. Horri esker lortu da, lortu dena eta ez dira ontzat eman aurreko hilabeteetan mahai gainean zeuden proposamen onartezinak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.