2025-04-19
HomeEkintza PolitikoaNafar langileok erabaki nahi dugu, lan kode eta gizarte segurantza propioa orain

Nafar langileok erabaki nahi dugu, lan kode eta gizarte segurantza propioa orain

Pasa den urtean Foru Hobekuntzak 40 urte bete zituen. Hala, 2022ko maiatzaren 13an, Iruñean, Foru monumentuaren azpian egindako agerraldian «Altxa gaitezen. 40 urteren ondoren, egin dezagun posible!» adierazpena publiko egin zuen LAB sindikatuak.

Berrogei urte igaro ondoren, Hobekuntzak utzitako saldoa defizitarioa da. Hala da demokratizazioari dagokionez, esaterako Euskararen Legea, baina baita bizi eta lan baldintzei dagokienez ere, Nafarroako bi langiletik bat prekarietate egoeran bizi da.

Euskararen eguna den honetan, euskararekiko defizit historiko hori zuzentzeko unea da. Duela 2000 urte euskaraz idazten zuten lurraldean egun hizkuntz propio hori ez da ofiziala. Adibide esanguratsu honek argi erakusten du euskarak errespetua eta garapen jasangarri bat behar duela: sortzen duen aniztasunaren eta aberastasunaren babesa, sustapena eta prestigioa, ofizialtasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat.

Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko ponentzia ireki du. Duela lau hamarkadetan Nafarroa libre eta zorionekoa ez izateko ezarri ziren mugak gainditzeko abagunea izan beharko luke. Bide bat espainiar Konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat izatetik, etorkizuneko aukera guztiak ahalbideratuko dituen estatus politiko berria igarotzeko.

Oraingo honetan, bai. Ezinbestekoa da, prozedura demokratikoa irekitzea, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzeaNafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta espainiar Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz. Eta horren emaitza erreferendum baten bidez berretsiko dena.

Gizarte eta lan eremuari dagokionez, ezinbestekotzat jotzen du LABek lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzea, bai eta lan kode eta gizarte segurantza propioa ere. Espazio sozio-ekonomiko propioa, eskumen osoekin eta gizarte eta lan arloko gaiak erabakitzeko gaitasunarekin. 40 urte hauetan argi geratu da lan harremanen estatalizazioak eskubideak galtzea dakarrela; eta, alderantziz: hitzarmen propioak edukitzea (esate baterako, Esku-hartze Sozialeko hitzarmen berria eta egoitzen sektorerako erreklamatzen duguna) eta lege propioak edukitzea (esate baterako, azpikontratazio publikoetan ezarritako klausula sozialak) onuragarria dela Nafarroako langileentzat. Onuragarria izanen litzatekeen bezala gutxieneko soldata eta pentsioa ezarri ahal izatea, edota zaintza sistema publiko komunitarioa lege propio baten bidez garatzea.

Nafar langileok aldaketak behar ditugu, bai ekonomian, bai eredu instituzionalean. Nafarroak tresna berriak behar ditu herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatzeko eta ahalbidetzeko. Biok ala biok burujabetza behar dugu.

Gora Nafarroa! Gora euskara!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.