2025-01-30
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaEnplegu Zentro Berezietako langileak Gasteizen mobilizatu dira, merezi duten aitortza aldarrikatzeko

Enplegu Zentro Berezietako langileak Gasteizen mobilizatu dira, merezi duten aitortza aldarrikatzeko

Ez da lehen aldia LAB sindikatua Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatzeko mobilizatzen dena eta langile horien aitortza aldarrikatzen duena, gainerako langileen baldintza berberetan enplegua lortzea exijituz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa bultzatzen eta ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen gaituzte. Erritmo jasangaitzetan lan egiten dugun bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte, gure lan indarraz baliatuta.

Diotenez, enplegu zentro bereziak aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko guneak dira, enplegu arrunta lortzeko aukera duten bitartean, baina LABek salatzen du hori ez dela horrela. Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, ezta lan egiten dugun baldintzen benetako kontrolik ere; sektoreko enpresak diru publikoarekin finantzatzen dituzte; eta enpresa horiek, berriz, miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen gaituzte. Kolektibo zaurgarria gara, baina horrek ez du esan nahi eskubide guztiak ditugun langileak ez garenik.

Enplegu Zentro Bereziak gutxi batzuen negozioa dira, eta patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna. Langileak lan-baldintza
eskasetan egotera kondenatzen dituzte, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik egin gabe.

Hala, gaur manifestazioa egin dugu Lanbidetik Gasteizko Legebiltzarrera, erakundeei eta alderdi politikoei honakoak helarazteko:

  • Indarrean dagoen legeria diskriminatzailea dela, eta, gainera, hori gutxi ez, eta ez duela kontrolik eta ez dela bete ere egiten. Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea eskatzen dugu.
  • Gure sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra behar dugu. Beharrezkoa da, oro har, gure sektoreko lan-baldintzak arautzea. Erakundeei Hitzarmen Kolektibo hau garatzeko eta lortzeko konpromisoa eta inplikazioa eskatzen diegu.
  • EZBen finantzaketa gehiago kontrolatzea. Zentro horiek finantzatzeko diru publikoaren kontrol eta jarraipen zehatza eskatzen dugu.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria gara, eta, horregatik, ezinbestekoa da jasaten ditugun arriskuak behar bezala ebaluatzea eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak sustatzea eta ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera egokitutako prestakuntza erreala. Gure beharretara egokitzen diren eta benetako garapena eta sustapena bermatzen duten benetako prestakuntza-planak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur ere Haurreskolak Partzuergoko grebak oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren parekoa

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deitutako grebak bigarren egunez %85etik gorako jarraipena izan du.

LABek salatu du EAEko Enplegu Zentro Berezien hitzarmeneko lehen negoziazio mahaia ez dela osatu, patronalen borondate faltagatik

Gaur, urtarrilak 29, LABek deituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Enplegu Zentro Berezietako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko negoziazio mahaia osatu behar zen. Salatu nahi dugu EHLABE-k, sektorean ordezkaritza handiena duen patronalak —sektoreko enpresa handiek osatzen dutena: Lantegi Batuak, Katea Legaia, Indesa, Gureak eta Berezilan— bizkarra eman diela aniztasun funtzionala duten 10.000 langileri baino gehiagori.