2024-11-23
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaEredu aldaketa aldarrikatzen dugu Bizkaiko zahar egoitzetan

Eredu aldaketa aldarrikatzen dugu Bizkaiko zahar egoitzetan

Azken hilabeteetan, asko hitz egin da Bizkaiko 3. Adineko Egoitzen inguruan. Lan baldintzen inguruan, langile faltaren inguruan txanda guztietan, lan karga gehiegizkoen inguruan… eta egia da hau, gure egunerokoa da. Baina hemen arazoa askoz ere sakonagoa da eta ez da soldata igoera sinple baten ondorioz konponduko. LABen iritziz eredua bera da aldatu behar dena.

LABetik aspalditik gabiltza esaten eta aldarrikatzen, aldatu behar dena ereduaren aldaketa bera dela zahar egoitzetan. Egoitza “pribatuak” deitzen zaie, baina pribatua dena kudeaketa da, dirua publikoa da, gu denona da. Bizkaitar guztion dirua, enpresa eta entitate pribatuek kudeatu eta haien negozioa egiteko. Eta negozio diogunean, etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzen dutela esan nahi dugu, beti ere langileon lan baldintzen truke.

Urte asko daramatzagu oso egoera kaskarrean eta horrela jarraituko dugu benetan ez bada egoera hau serio hartzen eta ez badira neurriak jartzen egoitzen kudeaketan benetako aldaketa bat emateko.

Bizkaiko Foru Aldunditik ez dira pribatizaziora bidean pausuak eman baino egiten. Herritarron oinarrizkoak eta unibertsalak diren eskubideetan pribatizazioa. PNV eta bere lagun fidela den PSOEren politikek zerbitzu sozialen etengabeko pribatizazioan dihardute. Eredua haien interesetara eraikitzen dute, haienak diren enpresek kudeatzen dute sare guzti hau, haiena da negozioa eta langile klasea batere inporta ez zaien mundu batean bizitzeko aukera dute; haien jendea, haien irudia eta dirua baino inporta ez den mundu bat eraikitzen dute.

LABetik herritarrongana gure mezu argiarekin heldu nahi dugu. Langileak gara, langile ezkertiarrak. Gure herrialdea ardura zaigu, bertan egiten diren politikak ardura zaizkigu, gure lanen kalitatea ardura zaigu, gure lana ere eta horregatik borrokatzen dugu arduraz eta modu solidarioan.

Bizkaiko egoitzetan borroka aspaldi hasi zen eta egia da azken urte t´erdian dimentsio handia hartu duen gaia dela. ELA sindikatuaren hurbileko langileak (ELAk du sektore honetan %68ko errepresentazio sindikala) greba bat dabiltza burutzen eta gaur jada handia da honek zentzu guztietan eragiten dituen kostuak. Greba honek egia da asko lagundu duela egoitzetako errealitatea sozializatzen eta bertan gertatzen denaren inguruan jendeak iritzi bat izaten.

Baina egoera hau aldatu behar dela dioenak, langileon lan eta bizi baldintzak barne, ezin du hau egin benetan kudeaketa ereduaren aldaketa baten inguruan eta zerbitzu sozialen sareaz hitz egin gabe, honen inguruko hausnarketa bat zabaldu gabe. Bestela, lau urte barru egoera berdinean aurkituko gara, arazoaren muinak konpondu gabe jarraitzen duelako.

LAB ez dago greba honetan. Ez gaude ez dugulako ELArekin estrategia eta borroka hau nola egin behar genuenaren prozesuaren nolakotasuna konpartitzen. Ez gaude ados enpresaz enpresa hitzarmenak sinatzearen alde sektore honetan. Egoitza asko gaude egoera honetan Bizkaian eta egoera ez da erraza, baina edo denok batera eta sektore guztiaren mesedetan egiten dugu lan, edo hau gutxi batzuentzako erdibideko konponbide bat izaten bukatuko da, egoitza gutxi batzuetako langileak eta gainontzekoen arteko ezberdintasunak ere areagotuz. Gainera, egoera txarrena bizi dutenak hitzarmen oso zahar batekin utziz. Beraz, gure ustetan, hitzarmen kolektiboa denontzako izan behar da, denontzako hitzarmen on bat.

Guk behar duguna indar politikoak benetan inplikatzea da, hau konpontzeko benetako nahia agertzea, beste ezer. Prozesu bat marraztu behar da egoitzetako langileak Bizkaiko egoitza publikoetako langileen baldintzetara egokitzeko, eta gutxi gutxika egoitza hauek ere gestio publikoaren barruan sartzen hastea. Pausu honek ekarriko du zerbitzuaren kalitatean pausu nabarmena ematea.

Orain, badirudi irailean nahi dituztela egoitzetako baldintza pleguak publiko egin. LABetik PNV eta PSOEri eskatzen diegu baldintza plegu hauetan benetako neurriak ezartzea egoera honi konponbidea jartzen hasteko. Haiek eta soilik haien erantzukizunez sorturiko egoera.

Guzti hau esanda, baldintza pleguetan ondorengo neurriak ezartzea eskatzen dugu:
• 1592 orduko gehienezko lanaldia
• Klausula sozialen ezarpena
• %2an ezartzea enpresarien gehienezko irabazien muga
• Azpikontratazioa mugatzea (pribatizaziori bide ez emateko) egoitzetako zerbitzu ezberdinetan
• Hitzarmena egoitza guztietan errespetatzeko neurriak jartzea
Bukatzeko, esan beharra dugu LABetik lan handia egiten ibili garela azken urte hauetan (Ratioak, eta kontratazioetan lorpen ugari…), naiz eta ez garen izan erakargarri komunikabideentzako.

Eta galdetu ere egiten gara, ea ez den jada ordua gizarte zerbitzuen Bizkaiko eredua bera eztabaidan jarri eta denon artean pausuak ematen hasteko unibertsala den eskubidea honen defentsan, zerbitzu publiko eta kalitatezko bat lortzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.