2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaAgur eta ohore Kepa!

Agur eta ohore Kepa!

Ezker Abertzaleak agerraldia egin du gaur Donostian Kepa del Hoyo Hernandez preso politikoaren heriotza salatu eta bere senide, lagun eta ezker abertzalearen familia osoari doluminak emateko. Kepa oroitu eta egungo espetxe politika salatzeko mobilizazio ezberdinak iragarri ditugu datozen egunetarako: bihar Euskal Herriko herri guztietan elkarretaratzeak arratsaldeko 19:00etan, iluntzean lehen harrera Galdakaon eta manifestazio eta ekitaldi nazionala abuztuaren 5ean, larunbata, Galdakaon arratsaldeko 18:00etan Udaletxeko plazatik.

AGERRALDIA
"Beste ezer baino lehen, doluminak eskaini nahi dizkiogu Kepa del Hoyoren senideei, lagunei, ingurukoei eta ezker abertzalearen familia osoari. Esan nahi diegu ez dugula etsiko euskal preso politiko guztiak kalera atera arte, eta ez dugula etsiko herri honen askatasuna eta bakea lortu arte. Agintzen dizuegu.

Kepa del Hoyo galdakaoztarra zen, 20 urte egin ditu dagoeneko espetxean eta 20 urte horietan urrunduta, dispertsioan eta isolatuta izan dute. Gauza jakina da egoera horrek ze ondorio dituen; estresa, gaixotasuna eta, zoritxarrez gaurkoan bezala, behin baino gehiagotan heriotza. Legedi arrunta aplikatu balitzaio, Kepa del Hoyo kalean egon zatekeen jadanik, honezkero bere kondenaren bi herenak beteta baitzituen. Baldintzapeko askatasunean izan beharko luke beraz eta hala izan balitz, akaso, une honetan ez ginatekeen bere heriotzaz hizketan arituko.

Heriotza honen atzean, beraz, salbuespen legedia dago, egun indarrean dagoen espetxe politika. Urrunketa, dispertsioa… Eta legedi horrekin amaitu beharra dago. Beranduegi da dagoeneko, beranduegi legedia horrek konfrontazio eta gerra logika bati erantzuten diolako, eta herri honek, euskal gizarteak, aspaldidanik bakea nahi duelako, konponbidea nahi duelako.

Behin baino gehiagotan esan dugu eta ez gara behin eta berriz esateaz nekatuko. Bake justu eta iraunkor batek eskatzen du dispertsioaren amaiera, bake justu eta iraunkor batek eskatzen du gaixorik diren preso guztien berehalako askatasuna eta bake justu eta iraunkor batek eskatzen du euskal preso politiko guztiak kalera ateratzea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea. Ez dagoelako normaltasun politikorik, ez dago elkarbizitza eraikitzerik espetxeetan ehunka preso politiko diren artean, erbestean errefuxiatuak eta deportatuak diren artean.

Egoera honekin amaitu beharra dago, esan bezala, beranduegi delako. Ezin zaio guztiok dugun ardurari izkin egin, ez da zilegia. Galdera da, norbaitek uste du Euskal Herrian bertako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek gure esku dagoen guztia egingo bagenu, espainiar estatua gai litzatekeela, minutu bakar batez ere, egoera honi eusten jarraitzeko? Norbaitek pentsatzen du?

Garaia da mahai baten bueltan eseri eta bide orri bat adosteko, esan bezala, eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalak. Bide orri bat dispetsioarekin amaitzeko, bide orri bat gaixorik diren presoak berehala askatzeko eta bide orri bat, berandu baino lehen, preso politiko guztiak kalera ateratzeko.

Esperantza mezu bat ere igorri nahi dugu gaurkoan. Estatuak boteretsuak dira bai, behin baino gehiagotan frogatu dute hori, eta zoritxarrez gaurkoan berriro ere konstatatzen ari gara. Baina, ez dira garaiezinak, ziur gaude herri honetako eragile politiko, sindikal, sozial eta instituzionalek eskuz-esku jarduten badugu, gai izango garela gai honetan ere estatuen borondatea behartzeko behingoz afera honi ere irtenbide justu eta iraunkor bat emateko.

Bukatzeko deialdi batzuk luzatu nahi ditugu. Bihar arratsaldeko 19:00etan herri guztietan konzentrazioak deitzen ditu ezker abertzaleak. Bestetik, bihar ere, iluntzean, lehen harrera egingo zaio Kepa del Hoyoren gorpuari Galdakaon. Azkenik, datorren larunbatean, hilak 5, manifestazio nazionala deitzen dugu arratsaldeko 18:00etan Galdakaoko udaletxeko plazatik hasita."
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.