2024-11-22
HomeIndustriaEraikuntzaEz dugu babesten Arabako eraikuntza eta lan publikoetako hitzarmena

Ez dugu babesten Arabako eraikuntza eta lan publikoetako hitzarmena

LABetik inoiz baino ozenago aldarrikatzen dugu Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baten beharra, mota honetako inposizioen aurrean irtenbideak aurkitzeko. Finean, guztiz arautu gabe dagoen sektore hau negoziazio kolektiborako gaitasun osoaren laguntzaz ordenatu ahal izateko.

LAB sindikatuak ez du babesten Arabako patronalak, SEA-UNECAk eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatu duten Arabako Eraikuntza Hitzarmena, hurrengo arrazoiak direla eta:

• Sektoreko langileak ez ditu lan erreformaren aurrean babesten, deskuelgea eta inaplikazioa enpresek alde- bakartasunez erabiltzeko aukera mantentzen delarik. Horrela, derrigorrez bete beharreko arbitrajea aplika daiteke akordiorik ezean, Langileen Estatutuko 41 artikuluan eta Hitzarmeneko 53 artikuluan oinarrituta.

• Mota honetako gai sensibleak estatu mailara esleitzen dira, herrialdeko hitzarmenaren edukiak hustuz, eta asmoen adierazpen huts batera mugatuz EAEko negozioazio kolektiboaren egituraketari buruzko Akordio Interprofesionala. Gogoratu behar da akordio hau lau sindikatu nagusiok sinatu genuela, baita CONFEBASKek ere, SEA honen parte delarik.

• Behin hitzarmenaren indarraldia amaituta, soilik 24 hilabeteko ultraktibitatea mantentzen du, behin epe hori pasatuta, hitzarmena aplikatzeari utzi ahal zaiolarik berau berritzen ez bada. Horrela, aplikatu beharreko hitzarmena estatu mailako eraikuntzako hitzarmen orokorra izango litzateke.

• Ez du lan jardunaldiaren murrizketarik jasotzen, EAEko altuena delarik Gipuzkoa eta Bizkaiarekin alderatuta, zeintzuk 2009 eta 2016tik daude luzapen egoeran hurrenez hurren. Bizkaikoa 1.712 ordutakoa da, Gipuzkoakoa 1.690 ordutakoa eta Arabakoa 1.726 ordutakoa. Honek lan postu berriak sortzea zailtzen du.

Hau guztiagatik, LABetik ikusten dugu hitzarmenak ez duela eduki nahikorik, ez gaitu lan erreformatik babesten, eta EAEn lau sindikatuok eta CONFEBASKek sinatutako Akordio Interprofesionala ezerezean uzten du, gure negoziazio esparruari lehentasuna ematen diona.

CCOO eta UGTk, zein CONFEBASKi lotutako enpresa elkarteek (SEA eta UNECA bezala) beraien buruak kokatu behar dituzte. Argi esan behar dute negoziazio kolektiboaren zentralizazioa onartuko duten gure hitzarmenak edukiz hustuaz, edota gure negoziaziorako esparrua defendatuko duten, hitzarmenak edukiz betez eta lan erreformarekiko babestuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.