2025-04-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaKritikatu egiten dugu lehen arretako medikuei aparteko orduak aitortzeko Osakidetzako zuzendaritzak atera...

Kritikatu egiten dugu lehen arretako medikuei aparteko orduak aitortzeko Osakidetzako zuzendaritzak atera duen instrukzioa

Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak inolako negoziazio zein informaziorik gabe uztailaren 6an indarrean jarritako 5/2017 Jarraibidearen aurrean LABek zera adierazi nahi du publikoki:

1. Osakidetzako zuzendaritza 1992ko dekretu batean oinarritzen da honako instrukzioa aurrera eramateko. Aipaturiko dekretu horretan, “produktibitate” izeneko osagarria arautzen zen, baina praktikan, osasun publikoan aparteko orduak ordaintzeko sistemaz ari gara. Honako osagarria ospitaleetako itxaron zerrendak murrizteko bidea omen zen, “peonaden” bitartez.

2. Kudeaketa sistema oso sinplea izan da historikoki: itxaron zerrendak puztu egiten dira artizifialki, goizetan prozesu asistentzialak tantaka programatuz arratsaldeko txandan askoz gehiago egin behar izateko. Alde nabarmena dago: goizeko lana soldatarekin ordaintzen da (berdin dio zenbat prozesu egiten diren), baina arratsaldez prozesuka ordaintzen da, jokoan sartzen diren fakultatiboen nominak izugarri igoz (gehien bat hauenak, baina baita beste kategoria batzuenak ere).

3. Ospitaleetan hainbeste poltsiko bete duen sistema, Lehen Arretara eraman nahi dute oraingoan, helburu bikoitzarekin. Bata, begi-bistakoa, osasun zentroetan sortzen hasiak diren itxaron zerrendak gutxitzea. Bestea, ezkutukoagoa, lanez gainezka eta desmotibaturik dauden fakultatiboak lasaitzea, dirua mahai gainean ipinita.

4. Honen ondorioz, Lehen Arretako medikuek euren 7 orduko lanaldia egin eta gero (30 paziente gutxienez), beste kontsulta batzuetan jarraitu ahal izango dute, artatzen duten paziente bakoitzeko diru kopuru bat kobratuz. Imajina dezakegu zelan luzatuko diren itxaron zerrendak lehen arretan ere, arratsaldeko aparteko orduak kobratu ahal izateko.

5. LABen iritziz, kudeaketa sistema hau ezin da osasun publikoan onartu. Diru publikoaren kudeaketan iruzurraren mugan mugitzeaz gain, ez du bermatzen osasun arreta nahikorik ezta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren beharrezko baldintzarik ere. Urteak eman ditugu euskal osasun sistemarako epe labur eta ertainerako Enplegu Plana eskatzen, langile sanitario zein ez sanitarioen beharrak asetuko lituzkeena. Baina kudeatzaileen erantzuna behin-behineko neurri eskasak ezartzea baino ez da izan, askotan sistemaren beraren zorioneko “iraunkortasuna” kolokan jartzen dutena.

6. Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula; eta era berean, gaur salatzen dugunaren moduko proposamenei uko egin. Sinetsita gaude honako neurriok batzuentzat diru gehiago suposatuko dutela, baina baita denontzat arreta kalitate txikiagoa ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.