Ostiralean, uztailaren 7an, istripua egon zen Iruran autobus eta kamioi baten artean, N1ean dagoen autobus geltokiaren inguruan. TSST enpresako autobus gidari bat zauritu zen istripuan, beste pertsona batzurekin batera. TSSTko delegatuek behin baino gehiagotan ohartarazi dute autobus geltoki horren arriskuaz, eta atzo elkarretaratze bat egin zuten Lasarten, enpresa atarian, honen guztiaren berri emateko.
Ostiral ilunabarrean Iruran gertaturiko istripuaren aurrean honakoa adierazi dute TSST-ko Enpresa Batzordetik, langile guztien izenean:
-Ez dela kasualitatea Uztailaren 7an jazotako ezbeharra. Urteak, eta berriz diogu, URTEAK direla aldundiari eta beste arduradun batzuei, hainbat geldialdiren arriskuez ohartarazi eta neurriak har zitzatela galdegin genuela. Eta ez behin. Askotan baizik. Azkena, urrutira joan gabe, pasa den Otsailean. Zer egin da? Ezertxo ere ez. Horrelako istripuak gertatu behar al dute behar bezalako neurriak hartzeko?
-Gezurra dela hainbat komunikabideetan hainbat agintari eta arduradunek esandakoa. Hemen ez da elkarrizketarik egon. Hemen, TSST-ko langileon partetik (gidarion eta bidaiarion osasunaren gainetik ezertxo ere ez dagoela pentsatzen baitugu) eskaerak eta ohartarazpenak egon dira eta Aldundiak zein bestelako arduradunek ENTZUNGOR egin diete modu errepikatuan egindako eskaerei. Orain, aurpegi zuritze eta esku garbiketa egiten dabiltzan berberek, 2017ko Otsailean esan zioten azkenekoz ezezkoa, istripu hau eragotziko zukeen neurriak hartzeari. Egia esan dezatela exigitzen dugu.
-Bestalde ozenki salatu nahi dugu ere, istripu hau pasatu ondoren hartu diren neurri eta erabakietan ez dela TSSTko langileokin ezertarako kontatu. Gu geu garenean, egunerokoan autobusak gidatzen ibiltzen garenak. Hemendik aurrerako ikerketa, neurri eta erabakietan TSSTko langileokin kontatzen ezpada, jakin dezatela bidaiari eta herritarrek antzuak izanen direla erabaki horietan oinarrituriko neurriak.
-Marisol Garmendiak esan bezala (prentsan azaldu denez), lehentasuna segurtasuna da autobusak 5 edo 10 minutuko atzerapena badu ere; guk ere berdina pentsatzen dugu bai. Baina ditugun ordutegiek ahalbidetzen ote dute halakorik? Ditugun markatutako denborek posible egiten ote dute hau? Denontzako lehentasunak berdinak ahal dira? Egokitu daitezela ordutegiak eta denborak. Konponbidea eman behar zaio geldialdi arriskutsuen aferari, baina ez horri bakarrik. Ikerketa integral baten beharra agerikoa da eta ditugun arazo ezberdinei konponbidea jarri behar zaie, kalitatezko eta segurua izango den zerbitzua eskaini nahi badugu behintzat.
Guk, orain arte bezala jarraituko dugu, gidarion eta bidaiarion ongizatea lehenetsiz.
Horretarako ondoko erabakiak hartu ditugula jakinarazi nahi dugu:
1)-Aldundiak eta bestelako arduradunek egindako eskaera eta protestei behin eta berriz emandako ezekoen aurrean (ardurak hirugarrenei pasatuz, egin beharreko lanen kostea ekidin nahian), langileok bidaiarientzako arriskua eragin lezakeen edozein geldialditan ez geldialdirik egiteko erabakia hartzen dugu. Behinik behin, behar bezalako segurtasun neurriak hartu arte eta inoren bizia arriskuan izango ez dela bermatu arte.
2)-Jarrera eta erabaki hauekin aurrera jarraituko dugula, benetan eta egiazki, egin beharreko moldaketa eta lanak egin arte. Eta era berean ez dugula onartuko ibilbidean egon daitezkeen bestelako aldaerarik, arazoari benetako konponbidea ekiditen baldin badute eta dirua aurrezteko interesa baldin bada lehentasuna.