Garbiñe Aranburuk eta Bea Martxuetak, LABeko idazkari nagusiak eta Politika Sozialeko arduradunak, hurrenez hurren, agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) erreformatzeko asmoen inguruan sindikatuak duen jarrera zehazteko. Sindikatuko ordezkariek DSBEren erreforma bertan behera uztea eskatu dute, baita patronalaren aldeko erabakiak albo batera uztea ere.
"Aldarrikapen oso argiak ditugu babes sozialean ditugun hutsuneei buelta emateko". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaurko agerraldian egindakoak. Hala, DSBEren erreformare proposamenaren azterketa egiteaz gain, LABen aldarriak nabarmendu ditu: Soldata eta lan baldintzak duintzea eta kalitatezko emplegu berria sortzea. Horretarako 1.200 euroko soldata et 35 orduko asteko lanaldia; eta babes sozial eta pentsio duinak".
Sindikatuko idazkari nagusiak jakinarazi du datorren kurtsoan mobilizazio soziala indartuko dugula: Jaurlaritzak erreforma honetan atzera egitea da gure helburua. "Gogoratu behar dugu 1996-2000 urteetan mobilizazio dinamika itzela eraman genuela aurrera. 1999an greba orokorra ere egin genuen, eta horrela pobreziaren kontrako borroka agenda politikoan kokatzea lortu genuen. Mobilizazio horrek behartuta arautu zen DSBE, nahiz eta ez zen iritsi sindikatu eta mugimendu sozialetatik egiten genuen eskaerara. Hori da berriro ere aurrean dugun erronka, politika publikoak baldintzatzea, politika publikoak herritarren gehiengoaren mesedetan izan daitezen borrokatzea", azaldu du Aranburuk.