2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaLABek eta ELAk ekarpen bateratua egin diogu Nafarroako Kontratu Publikoen Legeari

LABek eta ELAk ekarpen bateratua egin diogu Nafarroako Kontratu Publikoen Legeari

Klausula sozialak sartzeko proposamenak egin ditugu, besteak beste: "Klausula sozialak ez dira gomendioak izan behar baldintza-orriak prestatzeko, derrigorrez bete beharrekoak izan behar dira", nabarmendu dugu gaur egindako agerraldi bateratuan.

Hauxe da LAB eta ELAk egindako ekarpena:

Sarrera

Zerbitzu publikoak azpikontratatzearen ondorioz benetako administrazio paralelo bat sortu da Nafarroan, non milaka langile aritzen diren. Bestelako gogoetak alde batera utziz, azpikontratazio hori negoziogai izaten da sarritan enpresa pribatuendako, kasu gehiegitan langileen lan-baldintzen kontura.

Gure iritziz administrazio publikoa arduratu behar da ematen diren zerbitzuen kalitateaz, azpikontratatuenaz ere bai. Eta ez dago kalitatezko zerbitzurik, zerbitzu horiek lan-baldintza prekarioetan ematen badira. ELA eta LAB sindikatuontzat ukaezina da diru publikoaz ematen diren zerbitzuen azken erantzukizuna administrazioari dagokiola.

Orain arte jarraitu den prozeduraren arabera zerbitzuak kostu gutxieneko enpresei esleitu zaizkie, batzuetan zerbitzuaren kostutik behera ere esleitu dira, beheranzko enkante baten moduan. Ez dago erran beharrik horren eragina enpleguan eta lan-baldintzetan islatu dela.

Praktika horrekin batera administrazioek azken urteetan ezarri dituzten murrizketen eraginak ere baditugu. Enpresa batek ere ez ditu bere gain hartu murrizketen ondorioak, eragin txarrak langileei leporatu zaizkie beti. Baita ere negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ondorio txarrak ekarri ditu azpikontraten langileekiko, Nafarroako hitzarmena erreferentzia bezala zeukan sektore batzuk hitzarmen estatalengatik ordezkatuak izan direlako.

Gorago azaldutakoa aintzat harturik, ELA eta LAB sindikatuon ustez laster batean Nafarroako Parlamentuan eginen den Kontratu Publikoen Legearen izapidetzea abagune aparta izanen da lege-baliabideak ezartzeko, eta enpleguaren kalitatea hobetzeko.

Nafarroako Gobernuak aurkezturiko lege-egitasmoaren balioespena

ELAren eta LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak prest daukan lege-egitasmoa azkenean Parlamentura igortzen badu, aukera paregabea galduko da, azpikontratazioaren bidez ematen diren zerbitzu publikoen kalitatearekin benetako konpromisoa hartu dela erakusteko. Zeren zerbitzu publikoen kalitatea lan-baldintzen kalitatearen menpe dago.

Lege-egitasmoa Gobernuaren baitan onetsi baino lehen, sindikatu biok egin genituen ekarpenak ez dira aintzat hartu. Izan ere, ez da bermatuko subrogazioa kontrata guztietan, ez da txertatu nahitaez bete beharreko klausula sozialik —lehenik eta behin administrazioak behartzeko, eta gero enpresa esleipen-hartzaileak behartzeko—, enpleguaren gutxieneko estandar batzuk errespetatzera: lan-baldintzak, lan- eta segurtasun-neurriak, kontratazioan diskriminaziorik ez, partaidetza sindikala…

Zein nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun eztabaidatu behar da, eta eztabaida hori Kontratu Publikoen Legea izapidetu bitartean egin behar delakoan gaude. Eta eztabaida horren inguruan bi eredu daude: eredu ekonomizista, gauza ororen gainetik prezioa lehenesten duena; eta gizarte-eredua, kostuaren gainetik zerbitzuaren kalitatea azpimarratzen duena, kalitate hori zentzu zabalean ulertuz.

Aldarrikatzen den aldaketa soziala ez bada langile nafarren baldintzak kontuan hartzeko, ELAn eta LABen ez dugu deus ulertu.

ELAren eta LABen proposamenak, Nafarroako Kontratu Publikoen Legean klausula sozialak sartzeko.

– Legean sartzen diren klausula sozialak nahitaez bete beharrekoak izatea: Klausula sozialak ez dira gomendioak izan behar baldintza-orriak prestatzeko, derrigorrez bete beharrekoak izan behar dira.

– Subrogazioa: Subrogazioa nahitaezkoa izan behar da kontratu-mota guztietan, berdin dela zerbitzu-emakidak diren edo asistentzia-kontratuak diren.

– Gutxieneko maila gisa kasuan kasuko jardueraren sektore-hitzarmena aplikatuko da: Eta sektore-hitzarmenen artetik hurbilenekoa hautatuko da (Nafarroakoa, estatu-hitzarmenen aitzinetik). Jardueraren arabera zehaztuko da zein den hitzarmen aplikagarria, oso argi ez dagoenean edo eraginpeko esparruari begiratuz hitzarmen bat baino gehiago dagoenean lan-baldintza hobeak dituena lehenetsiko da.

– Enpresa- edo lantoki-hitzarmena sektorekoa baino onuragarriagoa denean, hori aplikatuko da: Baldintza-orrietan hitzarmen hori aplikatzeko betebeharra dagoela jaso beharko da. Horrela, gutxieneko maila bat izanen da zerbitzu hori kudeatzeko asmoa duten enpresa guztiendako.

– Gutxieneko ordu kopuru eta plantilla bat ezartzea, prestazioa kalitatezkoa izan dadin: Kontratak dirauen artean gutxieneko ordu kopuru eta gutxieneko plantilla bat izan behar da, lan-kargen araberakoa. Orobat, laneratze-ezak ordeztuko direla bermatuko da.

– Puntuazio-irizpideetan prezioa ez izatea erabakigarria: Balio handiagoa ematea zerbitzuaren kalitatea hobetzeko proposamen teknikoei, enplegua mantentzeari edo handitzeari, lan-baldintzak hobetzeari… Zerbitzuaren preziotik beherako proposamenak baztertu eginen dira automatikoki. Era berean, eskaintza bat “jaitsiera ausartegia” dela jotzeko, jaitsiera-portzentajea nabarmen beheratu behar da.

– Lan-osasun eta segurtasunarekin loturiko arauak zorrozki betetzea: mekanismoak ezartzea, enpresetan lan-arriskuen prebentzioaren eginbeharrak benetan betetzen diren administrazioek begiratu ahal izan dezaten.

– Gardentasuna kontratazioan: kontratazioetan bitartekotza-mekanismo publikoak erabiltzea, diskriminaziorik egiten ez dela bermatzearren. Diskriminazio guztiak baztertu behar dira, afiliazio sindikalarekin loturikoak ere bai. Elbarritasunak dituzten pertsonak kontratatzeko legezko eginbeharrak betearaztea. Kontratazioak “kutunkeriaz” edo “adiskidekeriaz” egiterik ez izatea.

– Gizarte-baldintzak betetzen ez dituzten enpresei zigorrak ezartzea: Kasurik larrienetan kontratua bukatutzat joko da, eta enpresa horri eragotziko zaio Nafarroako administrazio publikoan epe batez lizitatu ahal izatea.

– Langileen eta haien ordezkarien partaidetza erraztea: Hala baldintza-orriak prestatzean, nola esleipen-prozesuetan. Era berean enpresek harturiko konpromisoak betetzen diren begiratzeko eta jarraitzeko prozedurak ezartzea. Sindikatuei erraztasunak emanen zaizkie aipaturiko jarraipen-prozeduran parte hartzeko, eta baita Kontratazio Publikoaren Batzan parte hartzeko ere, CENek parte hartzen duen bezala.
– Sindikatuei legitimazioa ematea, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegian parte hartzeko: behar diren arau-aldaketak eginen dira, langileen ordezkaritzari eta sindikatuei berariazko legitimazioa (aktiboa eta pasiboa) emateko, prozedurak hasteko eta prozeduretan agertzeko.

– Euskararen erabilera bermatzea: enpresa azpikontratatuek kontratua bete behar dute atal guztietan, herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea ere barne.

ELAren eta LABen urratsak

1. Bilera egiteko eskatuko diegu parlamentu-talde guztiei, legea izapidetzerakoan aipaturiko klausula sozialak azkenengo testuan sartzeko.

2. Gainerako sindikatuekin bilduko gara, administrazioek azpikontrataturiko enpresetan mobilizazio-dinamika bat bultzatzeko, eta langile azpikontratatuei lan-baldintza duinak bermatzen dizkieten klausula sozialak sartzea lortzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.