2024-11-24
HomeEkintza SindikalaLangileon mobilizazioek negoziazio mahaia deitzera behartu dute CAF-eko Zuzendaritza

Langileon mobilizazioek negoziazio mahaia deitzera behartu dute CAF-eko Zuzendaritza

Fabrika-batzarrek ELAk eta CCOOk azken bi asteetarako programatutako mobilizazioak eteteko egindako proposamenari uko egin ondoren, gaur, azaroak 29, beste lanuzte egun arrakastatsu bat bizi izan dugu CAFen Beasain, Irunen eta Kastejongo lantegietan. Ondotik, zuzendaritzak negoziazio mahai baterako deia egin dio enpresarteko komiteari ostiralerako.

Azaro hasieran batzarrean adostutako mobilizazioen lehen faseari amaiera eman diogu horrela eta aldi berean, Enpresa Batzordeok mobilizazioen egutegi berri bat adostu dugu, LABen ekimenez aurkeztu zena (lehen indar sindikala Beasaingo eta Irungo batzordeetan). Egutegi horretan, hiru orduko lanuzte partzialak egingo dira abenduaren 11ko astean, egun osoko grebak abenduaren 18, 19 eta 20an eta greba mugagabea urtarrilaren 8tik aurrera. Greba horiek langileen batzarrean bozkatuko dira abenduaren 6an.

LABetik beste interpelazio bat egin diogu Zuzendaritzari, zeinak gaurko mobilizazioen ondoren negoziazio-mahaia deitu baitute abenduaren 1erako. Hala, esan nahi diogu negoziazioan aurrera egiteko eta ez dezala akordioa blokeatzen jarraitu, mobilizazioen eta greben agertoki berri batera eramango gaituena. Zentzu horretan, eskatzen ari garen edukien inguruan negoziatzeko borondatearekin esertzea eskatzen diogu.

Enplegua eta Euskal Herriko lantegien aldeko apustua, ezinbestekoa da LABentzat. CAFek bere eskaera-zorroan dituen 13.000.000.000.000. euro baino gehiago baliagarriak izan behar dira kalitatezko enplegua sortzeko eta langileen baldintzak hobetzeko. Aurre-erretiroak bermatzea, bizi dugun inflazio-garaietara egokitutako soldata-igoera bermatzea, bai eta kolektibo guztientzako urteko lanaldia parekatzeko eta Castejongo lantegiaren hitzarmenean txertatzea ere ezinbesteko gaietako batzuk izango dira akordioaren bidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.