Milaka izan dira azaroaren 28an hauteskunde sindikaletan parte hartzeko aukera izan duten langileak. Horrela, argi jaso da zerbitzu publikoen ahultze sistematikoarekin amaitzeko unea heldu dela. Gipuzkoako 3 hautetsontzitako bozken zenbatzearen faltan, LAB sindikatua izan da ordezkaritza eta boto gehien jaso dituena.
Hauteskundeetako emaitzek 2. sindikatuarekiko (ELA) 245 botoko tartea utzi dute. Honek, orain arte bezala, bihartik aurrera ere EAEko Gobernuak ezarritako hitzarmenaren ukapena gainditzeko lanean jarraitzeko indarra ematen dio LAB sindikatuari.
Enplegua sortu eta egonkortzearen aldarriak langileen bultzada izan du. Bai urrian deituriko greban, bai bihar zaintza sistema publikoa defendatzen, bai abenduaren 19an zerbitzu publikoen aldeko greban eta baita gaur hauteskundeetan ere. Hemen lan egiten dugunok, hemen erabaki nahi dugu nola egiten dugun lan.
Aurrerantzean ere, erantzukizunez eta gardentasunez jarraituko dugu lanean. Egonkortze prozesuen amaieran bermeak ezarriz, feminismoa gure lan-baldintzetan ezartzeko eraginez, euskara lanerako tresna izan dadin jardunez eta Jaurlaritza langileon beharrei erantzungo dizkien baldintzak sortzera bultzatuz.