Azaroaren 30ean, koordinadora feministak zaintza-eskubideen aldeko greba orokorrerako deia egin du. Grebaren aldarrikapen nagusiak hauexek dira: zaintza-sistema publiko komunitario bat lortzea eta zaintza-sektorearen lan baldintzak duintzea eta babestea, bizitzak erdigunean jarrita.
Iruñeko Udaleko Etxeko Laguntzako Taldeko familia-langileek bere egiten dituzte aldarrikapen horiek, zaintza-sistema publiko batekin bakarrik bermatuko baitira zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak.
Jakinarazi dutenez, Udalak Auzitegi Gorenean aurkeztu duen errekurtsoa onartu ez denez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa da eta, beraz, Udalak onartu behar izan du langileak beren lanpostuetara itzultzea.
Hala ere, Udalak, berriz ere, erabaki du epaia bere kasa betearaztea, eta, hala, interpretatu du ezen SAD Pamplona SL enpresa publikoak jarrai dezakeela Udalaren Etxeko Laguntzako Taldeari zerbitzua ematen eta ordezkapenetarako langile guztiak kontratatzen.
Udalaren erabaki horrek ondorio hauek ekarri ditu: kudeaketa bikoiztea eta kostuak handitzea (orain, irudi luke alderdi ekonomikoak ez duela garrantzirik, eta bi egitura paralelo mantentzen dira); emakumezko langileen kontratazioa prekarizatzea (astelehenetik ostiralera, lanaldi osokoak ez diren kontratuekin); eta zerbitzuaren kalitatea galtzea, ez dagoelako inolako harremanik langile finkoen eta behin-behinekoen artean eta ordezkapena errazago eginen lukeen informazio trukerik ez dagoelako, erabiltzailearen eta langilearen kalterako.
Lan kontratudunen komiteko kideak zain aude zer dioen Lan arloko 3. Epaitegiak, hau da, epaiaren “exekuzio” modu horrek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia urratzen duen ala ez. Baina erabakia edozein dela ere, borrokan jarraituko dute Etxeko Laguntza Zerbitzua %100ean munizipala izan dadin.