2024-12-26
HomeEkintza SindikalaArtabiako Arneactive enpresako langileek lau orduko lanuztea eginen dute lan baldintzak hobetzearen...

Artabiako Arneactive enpresako langileek lau orduko lanuztea eginen dute lan baldintzak hobetzearen alde

Artabiako (Nafarroa Garaia) Arneactive enpresako langileek bihar, asteazkena, azaroak 29, lau orduko lan-uztea eginen dute, 12:00etatik 16:00etara, KPIaren araberako soldata-igoerak eskatzeko, kategoria hobetzeko aukera errealak eskatzeko eta plantillaren iritzia kontuan har dezaten eskatzeko.

Arneactive enpresak hamarkadak daramatza mota guztietako oihalak prestatzen, tindatzen eta zentrifugatzen, eta azken urteotan hainbat enpresa egoera eta eskuetatik iragan da. 2020an, lantegia Arneplant-en jabetzakoa izatera pasatu zen, oinetakoetarako plantilletan aritzen diren Errioxako (Espainia) enpresa handienetako baten jabetzakoa. 2023an zehar, Artabiako plantillak enpresako zuzendaritzari proposatu izan dio lan, gizarte eta ekonomia baldintzak negoziatzeko beharra, baina enpresak horri uko egin dio etengabe.

Eguneroko bizitzaren kostua izugarri handituta, etorkizunari baikortasunez begiratzea galarazten duen testuinguru honetan, Arneactiveko langileei enpresari aurre egin eta beren lanarekin sortzen dituzten etekinen zati bat aldarrikatzea bertzerik ez zaie gelditu. Erran beharra dago enpresak Ehungintzako hitzarmena duela, oso hitzarmen baxua, 1.000 € inguruko soldatak dituena eta hobetzeko aukerarik ez duena. Hori dela eta, Arneactiven lan egiten duten gazte anitzek alde egiten du; hori oso kezkagarria da eta enpresak kontuan hartu beharko luke.

Arneactiveko langileen aldarrikapenak oinarrizkoak eta bidezkoak dira. Artabian hiru zutabetan oinarritutako lan baldintzak negoziatu nahi dituzte:

1. Egungo egoeraren araberako soldata igoerak, KPIarekin lotura dutenak.

2. Kategoria hobetzeko aukera erreala, aldebakarreko erabakietan oinarrituta ez dagoena.

3. Plantillaren iritzia kontuan hartzea, enpresa gehien eta hobekien ezagutzen duena baita.


Hori dela eta, bihar lehen pausoa emanen dute, lau orduko lanuztearekin. Aurrerago, agian, mobilizazioekin jarraituko dute, baldin eta enpresak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.