Ekainaren 21ean jakin genuen bezperan lan istripua gertatu zela, eta horren ondorioz 45 urteko langile bat hil zela. Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko langilea zen. Enpresa honi esleitu zitzaizkion URAk bultzaturiko Mundakako itsasadarreko ezkerraldean kolektora egiteko lanak, Sukarrieta eta Lamiarango hondakin uren araztegiaren arteko tartean. Bada, elkarretaratze bat egin dugu gaur LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok, “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lemapean, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
LABeko Lan Osasun arloko kide Ibon Zubielak adierazpenak egin ditu gaurko elkarretaratzean, eta istripuaren atzean azpikontratazioa berriro dagoela nabarmendu du. "Istripu hau azpikontrata batean gertatu da, eta, are larriagoa dena, administrazio publikoaren azpikontrata batean, URA Uraren Euskal Agentziaren azpikontrata batean", zehaztu du.
Lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio salatu du: "Lan baldintza zehatzen ondorio dira. Horren adibide da 15:30ean eguzki betean lan egitea, 35 gradutik gorako tenperaturekin. Horrela, langile bat hil egin da oraingoan, bero kolpe baten ondorioz".
Zubielaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak alerta egoera ezberdinak zehaztu ditu beroarengatik, baino inongo momentutan ez du zehaztu nola egin behar den lan bero hauekin. Osalan eta Laneko ikuskaritzatik ez da ezer egin honen inguruan".
LABeko ordezkariak jakinarazi du Osalanek bere webgunean atzo jaso zuela estres termikoaren aurrean nola jokatu behar den, istripua gertatu ondoren, eta soilik gaztelaniazko bertsioan: "Horrek esan nahi du korrika eta presaka egin zutela eta itzultzera bidali, horregatik ez dago euskaraz".