2024-11-25
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakEITBren Estilo Liburuak ez ditu asebetetzen Euskal Herriak behar dituen hedabide publikoaren...

EITBren Estilo Liburuak ez ditu asebetetzen Euskal Herriak behar dituen hedabide publikoaren irizpide komunikatiboak, edukiz eta formaz

Badira aste batzuk EiTBren Estilo Liburua aurkeztu zenetik. Euskal kazetaritza eta ikus-entzunean aritzen diren langileentzako oso tresna garrantzitsua behar luke. Ordu askotako lana dagoela nabari da, baina liburuaren erditze prozesuak korapilo eta argi ilun asko izan ditu.

Estilo Liburua profesional eta langile askoren eskaera historikoa izan da. Bere sorrera EiTBko Estatutuei eta Erredakzio Kontseiluen jaiotzari loturik dago. Baina ez dago soberan Estilo Liburuaren sortze prozesua Surioren garaietatik datorrela gogoratzea eta garai hartan Euskal Herriak pairatzen zuen egoeraren emaitza partziala dela. Horrela uler daitezke batez ere, Liburuko lehen kapituluak, non kazetariari posizionamendu irmo batzuk eskatzen zaizkion, bai Euskal Gatazkaren inguruan zein munduko beste edozein gatazkaren inguruan. Eta hor koka ditzakegu Surio zein Iturberen zuzendaritzak aurrera ateratzeko erakutsi zituen grina eta presak.

LABen iritziz EITBk ezarri nahi dituen irizpide komunikatiboak barne biltzen dituen Estilo Liburu honek ez du lan-tresna izaera. Zuzendaritzak zenbait alderdi edo sektore politikoen kezkak asetzeko argitalpen bat dela dirudi hainbat ataletan. EITBko Erredakzio Kontseilu ezberdinek ere formak salatu izan ditu, eztabaida serioen gainetik Zuzendaritzaren presak gailendu baitira. Horrela, ekarpen ugari ukatzeaz gain, azken orduko eta alde bakarrez ezarritako aldaketa sakonak jasotzen ditu testuak. Beraz Estilo Liburu bat baino, «Zirriborro» gisa hartu behar da baliagarritasun praktiko eskasa duen argitalpena.

Gauzak horrela, heldu zaigu liburua, eta onartzekoa da zenbait atal interesgarriak eta baliagarriak direla. Baina beste hainbat ataletan zurrun, beste batzuetan herren, eta beste zenbaitetan praktikotasuna falta du. Gure ustez, Euskal Herriko Komunikabide Publiko batek behar duen Estilo Liburutik urrun dago oraindik ere. Hola nola, Euskal Herriko aniztasuna onartzen den arren, oreka horretan bizkarra ematen zaio gizarte honetan bizi den gehiengoaren nazio sentsibilitateari: nazio komunikabide bat baino, komunikabide autonomikoaren papera garatzen duela dirudi. Hizkuntza Tratamenduaren gaian ere euskararen aldeko benetako apustu sendo bat falta dela deritzogu, zeren eta berriz ere, orekaren aitzakia hartuz, EiTBren existentzia zilegitzen eta zutabe behar lukeen gure hizkuntza, gaztelaniaren plano berberean geratzen den. Non eta egoera diglosiko batean.

Genero ikuspuntuaren atalean proposamen interesgarriak biltzen dira Estilo Liburuan, baina aipagarria da Feminismo hitza bazterturik geratu dela azken testuan. Gai honetan abangoardista behar luke Estilo Liburuak. Feminismoak klabe eta proposamen ugari uzten dizkigu egunez egun. Gure ustetan, benetako berdintasun eta emakumeen boteretzean oinarri izanbeharduEiTBk.

Estilo Liburua aldakorra eta dinamikoa izango dela azpimarratzen da eta Erredakzio Kontseiluen partaidetza eta ekarpenez aldatzen joango omen da, sortzen diren beharren arabera. LABek moldaketa eta eguneratze benetako prozesu parte-hartzaile hori lehenbailehen abia dadila exijitzen du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.