2024-11-22
HomeEkintza SindikalaGasteizko Michelinen inor ere ez dago soberan

Gasteizko Michelinen inor ere ez dago soberan

Salatu nahi dugu enpresak, bere iritziz, 150 langile soberan dituela jakinarazteko duen funtsa eta modua.

Ez da lehen aldia enpresak garrantzi handiko albisteak filtratzen dituela, eta kasu honetan, gainera, batzordea enpresarekin bilduta zegoenean egutegia aztertzeko. Errespetu falta izugarria iruditzen zaio LABi, bai langileenganako eta bai ordezkatzen duen batzordearekiko, horrelako iragarpen bat komunikabide batean argitaratzea barne mailan aurkeztu aurretik. Matrizeak asko hitz egiten du “konfiantzarik ezaz”. Galdetu beharko litzateke ea jokabide horrek plantillak zuzendaritzarekiko duen pertzepzioa eta konfiantza hobetzen dituen.

Iragarpen hau, LABek adierazi duenez, aspalditik hauspotzen ari den prozesu baten hasiera besterik ez da. Hilabete hauetan, enpresak lan-kargaren galera, plantilla gaindimentsionatua, soberan dagoen jendea eta, berriz ere, konfiantza galera aldarrikatu ditu Gasteizko lantegian. Eta hori guztia aurten bizitzen ari diren prozesua baldintzatzen saiatuz. LABek gogorarazten du langileek egin duten gauza bakarra beren eskubide demokratiko oinarrizkoenak defendatzea izan dela: lan-baldintzen alde mobilizatzea eta erreferenduma antolatzea langileei horiek non negoziatu behar diren galdetzeko. Badirudi hori ez zaiola gustatu bere balioak eta pertsonak erdigunean jartzea hainbeste aldarrikatzen dituen zuzendaritzari. “Penagarria” dela dio sindikatuak.

Gainera, LABek aste honetan bertan salatu duen bezala, enpresa deriba autoritario batean murgilduta dago, zigor gehiago aplikatuz, gero eta larriagoak, eta azken 5 hilabeteetan 2012-2018 urteetan baino kaleratze gehiago eginez.

Enpresari filtrazioari buruz galdetu diotenean honek emandako erantzunaren arintasuna ere salatzen du sindikatuak; zan ere, aditzera eman die ez dutela horrekin zerikusirik. Langileen ordezkariak tenteltzat hartu izana salatu du LABek, eta informazio gehiago eskatu du. Bada, erantzuna izan da ez dagoela beste ezer gehitzekorik. “Enpresak zifra bat bota du airera, besterik gabe? Kontuan hartuko dugu”, adierazi du LABek.

Horregatik guztiagatik, LABek uste du batzordea premiaz bildu behar dela azken albiste hau eta azken
gertakariak aztertzeko, merezi duen erantzuna emateko. Frogatuta geratu denez, indarrak batzea eta
antolatzea da multinazional honen aurrean daukaten berme bakarra.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.