Astearte eguerdian 33 urteko langile bat larri zauritu zen Iruñeko Labrit pilotalekuan, 14 metroko altueratik erorita. Istripu larri hori azterturik, adieraz daiteke une horretan altueretako lanak modu ez egokian egiten ari zirela: langilea babesik gabeko zaldain batean lotu gabe baitzihoan azpian metro askoko hutsunea zuela. Azpikontrataturiko enpresaren ardura faltaz gain, LAB sindikatutik gogorarazi nahi dugu kasu honetan Iruñeko Udalaren ardura zela prebentzio neurriak betetzen zirela bermatzea.
Kasu honetan, gainera, bereziki larria iruditzen zaizkigu istripu honen inguruabarrak, Labrit frontoia jabetza publikokoa baita. Iruñeko Udalak ardura zuzena du neurri prebentiboak behar bezala betearazten eta behar bezala koordinatzen. Arauak argi adierazten du hori eta zer esanik ez altueretako jarduerak bezalako arrisku espezifikoetan non araudia oraindik ere zorrotzagoa den. Gauzak horrela, azpikontrataturiko enpresaren ardura faltaz gain Udalaren axolakabekeria ere dira istripu honen arrazoia, eta hori dela-eta sindikatu honek erantzukizunak berehala argitzea eskatzen du.
Labriteko istripuaz harago, eta egoera orokorraren larritasunaren adierazgarri, azpimarratu nahi dugu Nafarroan ematen den istripu tasa Espainiako Estatuko altuenen artean dagoela eta istripu horien artean altueretako erorketak oso ohikoak izaten direla. Altueretako erorketak potentzialki larriak izanik ere, berauek saihesteko neurri teknikoak oso sinpleak dira. Arazoa da gaur egun oraindik ere patronalak neurri horiek bermatzeko erabakia ez duela hartzen eta langileek arrisku horiek bere gain hartu behar dituela.