2024-11-22
HomeEkintza SindikalaArabako elikagaien merkataritzaren sektoreko aurreakordioa oso eskasa da

Arabako elikagaien merkataritzaren sektoreko aurreakordioa oso eskasa da

Gaur, azaroak 22, UGT eta CCOO sindikatuak eta AENKOMER patronala elikagaien merkataritzako lurralde-hitzarmenean aurreakordio batera heldu dira, hiru urte baino gehiagoko negoziazioaren ondoren.

LABen balorazioa ezin da negatiboagoa izan. Nekagarria eta luzea izan den negoziazio prozesuak hiru urte baino gehiago iraun ditu. Etenaldi luzeak izan dira tartean, eta horrek agerian utzi du, alde batetik, patronalaren negoziatzeko borondate eskasa, eta, bestetik, gehiengoa duten CCOO eta UGT sindikatuek sektorea aktibatzeko eta antolatzeko duten ezintasuna. Sindikatu horiek entzungor egin diete LABek behin eta berriz egindako deiei, sektorea mobilizatzeko, patronalaren borondatea makurrarazteko eta gure lan-baldintzetan aurrerapenak lortzeko.

Azken batean, galdutako beste aukera bat baino ez da: soldatei dagokienez, hiru urte (2020-2022) “hutsik” geratzen dira, inolako igoerarik gabe, eta urte honetarako (%6) eta hurrengorako (%3,5) hitzartutako igoerak ez daude KPIari lotuta; beraz, sektoreko langileek eros-ahalmena galtzen jarraituko dute. Zein urrun dagoen pandemia-garaia, funtsezko sektoretzat aitortuak izan ginen hori! Batzuk jada ez dira gogoratzen, eta gure zeregina gutxiesten jarraitu nahi dute, prekaritatera kondenatuz.

Urteko lanaldiari dagokionez, urteko 13 orduko murrizketa txiki bat dago. Hala ere, lurraldeko urteko lanaldirik handienetako bat izaten jarraituko dugu (1746 ordu). Are gehiago, joera orokorra kontziliazioari eta zaintza-lanei erantzuteko lanorduak murrizten joatea den bitartean, akordio honetan murrizketa barregarria da.

Azken batean, eduki oso pobreak dira, sektore prekarizatu honek behar dituen hobekuntzetatik oso urrun daudenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.