2024-11-22
HomeEkintza SindikalaLaminaciones Arreguiko langileek lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak eta kudeaketaren inguruko gardentasuna exijitu...

Laminaciones Arreguiko langileek lantegiaren etorkizuna bermatzeko urratsak eta kudeaketaren inguruko gardentasuna exijitu dituzte

Laminaciones Arregui – Celsa Atlantic lantegiko Batzordeak agerraldia egin du gaur Gasteizko eta Urbinako lantegietako langileek osatzen ditugun 100 familia baino gehiagok bizi duten egoera salatzeko eta partekatzeko.

Jakina denez, Laminaciones Arregui kide duen taldea, Grupo Celsa, titulartasuna eta jabetza aldatzen ari da, Bartzelonako Merkataritza Arloko 2. Epaitegiaren iraileko epaiaren ondorioz. Epai horren bidez, hartzekodunak berregituratzeko plana homologatu zen. Horrela, Celsa Taldea Rubiralta familiaren eskuetatik inbertsio-funtsen talde handi batera igarotzen da.

Epaia argitaratu zenetik orain arte, ez lehengo ez etorkizuneko jabeak ez dira harremanetan jarri Laminaciones Arreguiren plantillarekin horri buruzko informazioa emateko. Langileen informazio-bide bakarrak komunikabideetan argitaratuz joan diren berriak dira, eta langileek ezin izan dituzte egiaztatu.

Adierazi dute horrek sortzen digun ziurgabetasunaz gain, are gehiago kezkatzen dituela Espainiako gobernuaren eta jabe berriaren arteko akordio teorikoan jasotako 18 hilabeteko enplegu berme eskasak, baldintzekin gainera. “Jakina, Espainiako gobernuaren eta inbertsio-funtsen artean sinatutako elkar ulertzeko memorandumik gabe, ezinezkoa da haren balorazio osoa egitea. Era berean, berregituraketa-planarekin eta elkar ulertzeko memorandumarekin batera joan beharko lukeen industria-planik ez egoteak kezkatzen gaitu. Ezin da ulertu Espainiako2gobernuak industria-plan bat eskatu ez izana Celsa Taldeak Estatuan dituen lantegi guztiguztien,2bereziki Laminaciones Arregui eta Nervaceroren, jardueraren eta enpleguaren jarraipena egiteko eta horien etorkizuna bermatzeko”, gaineratu dute.

Era berean, salatu dute Espainiako Industria Ministerioak ez duela izan Celsa Taldeko langileen ordezkaritza OSOArekin bilerarik, ezta, jakina, Laminaciones Arreguiko langileen ordezkaritzarekin ere. “Etorkizuneko jabeek eta Industria Ministerioak bilerak egin dituzte sindikatu batzuekin (UGT, CCOO eta USO), baina beste sindikatu batzuk, seguruenik deserosoagoak garenak, albo batera utzi gaituzte, nahiz eta zenbait lantegitan gehiengo zabala izan, Laminaciones Arreguiren kasuan bezala”, adierazi dute.

Honetan sakonduz, gaineratu dute: “Ez dugu ulertzen prozesu horren guztiaren opakutasuna, bai jabe berriaren aldetik, bai Espainiako gobernuaren aldetik, baita Estatuan gehiengoa duten sindikatuen aldetik ere. Zer dute ezkutatzeko? Zerk kezkatzen ditu gure parte-hartzeaz? Negoziazio hori Madrilen zentralizatzeak ez digu inolako konfiantzarik ematen, batez ere horrelako negoziazioetan Euskal Herria trukerako txanpona izaten delako, sindikatu horiek ordezkaritza txikiagoa baitute hemen”.

Horri guztiari Eusko Jaurlaritza prozesu honetan guztian jokatzen ari den papera gehitu behar zaio. Uztailetik hainbat bilera egin ondoren, langileek inpotentziaz ikusi dute beste autonomia-erkidego batzuetan, Katalunian, Galizan eta abarretan, gobernu autonomikoek bitartekari lanak egin dituztela jabe berriarekin bilerak egin ahal izateko, haien inplikazio zuzenarekin, baina hemen ezinezkotzat jotzen da. Orain arte, eta irailean jabe berriarekin eta Espainiako Industria Ministerioarekin bilerak lortzeko bitartekari lana egiteko lehen eskaera egin zutenetik, badirudi ezinezkoa izan dela Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde batek bilera horiek ahalbidetzea. “Eusko Jaurlaritza prozesu honetan egiten ari den kudeaketari buruzko diskrezioa uler dezakegun arren, egoera honetan, Laminaciones Arreguiko langileok gehiago behar dugu”, adierazi dute. “Eusko Jaurlaritzak prozesu horren guztiaren bermatzaile eta parte aktibo izan behar du, eta hala eskatuko dugu”.

Horregatik guztiagatik, eta jabetza aldaketaren ofizialtasuna berehalakoa izango delakoan, Laminaciones Arreguiko batzordetik adierazi dute dinamika bat jarriko dutela martxan euren egoera gizarteratzeko eta salatzeko. Hiru maila izango ditu dinamika horrek. Maila lokalean, Gasteizko Udalak azaroaren 28an egingo duen enpleguaren inguruko osoko bilkuran parte hartzea eskatu dugu. Era berean, bilera bat eskatu dugu Foru Aldundiko Enplegu eta Industria Garapeneko Sailekin. Autonomia Erkidegoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari egindako elkarrizketa eskaerak azpimarratzeaz gain, eragile politikoei bilerak eskatuko dizkiegu.

Azkenik, Madrilera joango dira gai ekonomikoetarako idazkari nagusiarekin bilera bat izateko azaroaren 23an.

Erakunde, organismo eta eragile politiko horiei eskakizun berberak egingo dizkiete:

-Laminaciones Arreguiko plantillari eragiten dion edozein akordio Laminaciones Arreguiko langileen ordezkariekin aztertu behar da, eta plantillak onartu behar du.

-Edozein akordiok hiru ardatz izan behar ditu: jarduera eta enplegua mantentzea, etorkizuna bermatzea eta lan-baldintzak errespetatzea.

-Sektorearen funtzionamendua ezagutuko duen eragile industrial baten agintea eta kudeaketa exijitzea.

-Laminaciones Arreguiren hazkundea bermatuko duen epe ertain eta luzerako industria- plana aurkeztea.

Dinamika horrekin batera, hainbat mobilizazio egingo dira.

Laminaciones Arreguik Arabako industriaren erreferenteetako bat izan behar du berriz ere, eta horretarako ahalmena badu, noski, hura ustiatuko duen norbait iristea baino ez du behar. “Gure etorkizuna ezin da soilik etekin ekonomikoa helburu duten inbertsio funtsen eskuetan egon, horrek gure akabera ekarriko bailuke”, gaineratu dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.