2025-04-18
HomeEkintza SindikalaEAJ eta PSOEren arteko akordioak ez die EAEko sektore publikoaren grebaren aldarrikapenei...

EAJ eta PSOEren arteko akordioak ez die EAEko sektore publikoaren grebaren aldarrikapenei erantzuten

Azaroaren 10ean EAJk eta PSOEk konpromisoa hartu zuten Madrilgo Gobernuari egonkortasuna emateko. EAJ eta inguruko medioak dagoeneko saltzen hasi dira sinatutako akordioak autogobernuarentzat eta langileontzat ekarriko dituen balizko onurak. Bada, testuak dioena ikusita eta EAJren ibilbidea ezagututa, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioan ikusten dugu lortutakoa ez dela hainbesterako eta lan handia daukagula aurrean.

1. Birjartze tasak ez dira desagertzen, eta balizko soldata igoerek ez dute erosahalmena bermatzen.

2. Akordioak ez ditu langile publiko guztiak barnebiltzen; soilik “erabateko lehentasuna” izendapena duten lanpostu eta sektoreak.

3. Negoziazio Kolektiboa ukatzen da, eta gobernuen inposizioa bermatzen. Langile publikoon soldatak eta enplegua ez dira negoziazio kolektiboan adostuko. Ituneko Hitzarmeneko Bitariko Batzordean negoziatuko dira, non langileok parte hartzerik ez dugun, soilik Madrilgo eta Gasteizko gobernuak baitaude. EAJk eta bere administrazioek ez dute inoiz negoziazio kolektiboa defendatzeko borondaterik izan eta eroso daude erantzukizuna kanpoko joko zelaian utzita.

4. Madrilek inposatzen amaituko du beti. Langileok euskal administrazioetan akordiorik lortuko bagenu ere, jarraipen batzordeetan Estatuak betoa edukiko du. Horretarako, EAEko zein Nafarroako Gobernuak sostengatzen dituzten alderdiek «legegile bakoitzak euren enplegu publikoaren arauetara eramateko» konpromisoa hartu dute.

Greba eta mobilizazioekin, trena mugitzea lortu dugu. EAJren eta Urkulluren autoritarismoa tiraderan gordetzea lortu dugu eta mugitu egin behar izan dute. EAEko Mahai Orokorra deitu behar izan zuten, eta Madrilen gaiari garrantzia eman behar izan diote. Urduri eta kezkatuta daude dagoeneko arazoa estaltzea lortzen ez dutelako.

Beraz, martxan jarri dugun trena errail egokian kokatzeko mobilizazio gehiago behar da; EAJren borondate falta baldintzatu behar dugu. Izan ere, akordio politiko horrekin argi gelditu da borondate kontua dela. Urriaren 25ean greba eta mobilizazio arrakastatsuak egin genituen EAEko sektore publikoan eta aste hauetan ere hainbat eremu publikotan grebak eta mobilizazioak egiten ari dira.

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra lantzea da orain gure lehentasuna, eta hurrengo egunean bertan abenduaren 19ko sektore publikoko greba prestatzen hasiko da LAB.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.