2025-04-19
HomeEkintza SindikalaMakinak bailiran tratatzen dituen GSR enpresari negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatu diote Santa...

Makinak bailiran tratatzen dituen GSR enpresari negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatu diote Santa Mariñe egoitzako langileek

Urdulizko zentroko beharginek pikete feminista egin dute udalerrian barrena, eskatzeko zaintza lanek merezi duten aitortza lan-baldintzetan isla dadila eta ez ditzatela kudeatu negozio-iturri hutsa bailiran.

Gaur GSRk (Mondragon Taldea) kudeatutako Urdulizko Santa Mariñe egoitzako langileak Urdulizen mobilizatu dira. Bide mozketak egin dituzte, eskuorriak banatu eta manifestazioan joan dira egoitzaraino. Apiriletik ari dira mobilizatzen eta lanuzteak egiten. Dituzten lan baldintzak eta zaintzera behartzen dituzten modua salatu dituzte, eta negoziazio-mahai bat eskatu diote enpresari, egoerari heltzeko helburuarekin.

Haien egoera salatu dute, eta langileak izan beharrean makinak balira bezala tratatzen dituztela esan dute. Tratu duinarekin bateraezinak diren baldintzetan zaintzen dute: 6 minutu inguru dituzte egoiliar bakoitza oheratzeko. Ez dagozkien funtzioak egiten dituzte: gerokultoreek paziente diabetikoei intsulina emateaz arduratzea nahi dute, eta horrek, beren funtzioetatik kanpo egoteaz gain, egoiliarren osasuna arriskuan jartzen du, ez gerokultoreek ez erizaintzako laguntzaileek ez baitute horretarako prestakuntzarik.

Enpresak errepresaliak eskaintzen ditu, elkarrizketa eta negoziazioaren ordez. Langile sumisoak nahi dituzte, beren eskubideengatik borrokatu ez daitezen. Grebarako eskubidea urratzen dute, langileak mehatxatuz eta baldintzatuz, antola ez daitezen. Eta beren eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen diren langileak zigortzen dituzte.

Egoera horren aurrean, langileek zaintza eta baldintza duinak eskatzen dituzte enpresaren diru gosearen aurrean. Enpresari eskatzen diote eser dadila haiekin hitz egitera eta neurriak har ditzala lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzeko. Besteak beste, ratioa handitzea proposatu dute; izan ere, salatu dutenez, esku gehiago behar dituzte lan egiteko. Era berean, beren eskubideak aldarrikatzen dituzten eta antolatzen diren langileak ez zigortzea eta jazartzea eskatu dute.

Pribatizazioa zaintzako langileen miseria da. Horregatik, zaintzaren sektorearen publifikazioa aldarrikatzen dute, administrazio publikoak interpelatuz zaintza publiko bihurtzeko bidea egin dezaten, enpresek beren bizitzekin negozioa egiten jarrai ez dezaten.

Horregatik, azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrean parte hartzeko deia luzatu diete pertsona guztiei, zaintzarako eskubide unibertsalaren eta zaintzarako sistema publiko eta komunitario baten alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.