2024-11-22
HomeEkintza SindikalaCAFeko langile batzarraren gehiengo zabalak borrokan jarraitzea lehenetsi du

CAFeko langile batzarraren gehiengo zabalak borrokan jarraitzea lehenetsi du

Langileen batzarrek berretsi egin dituzte aurretik bozkatuak zeuden eta ELAk, CCOOk eta UGTk bertan behera utzi nahi zituzten lanuzteak, lan-hitzarmenaren negoziazioa bultzatzea helburu dutenak.

Hainbat presio-neurri aktibatu eta hainbat lanuzte egunen ondoren, Zuzendaritzak hitzarmen berrirako laugarren proposamen bat egitea lortu zuten CAFeko langileek. Azken egunetan, ordea, mobilizazioak bertan behera uzteko Zuzendaritzak eginiko eskaerei men eginez, ELAk bultzatuta eta CCOOren eta UGTren babesarekin, Beasain, Irun eta Madrilgo lantegiak biltzen dituen lantokiarteko batzordean gehiengoz presio-neurriak bertan behera uztea eskatu zuten.

Hala ere, Beasaingo eta Irungo zentroetako batzordeen gehiengo sindikalak (LABek eta ESK-k osatuak) presio-neurriei eustea eskatu dute, ez baitzuten uste langileak desmobilizatzeko behar besteko edukirik eta arrazoirik zegoenik.

Gaur izan dira mobilizazio eta lanuzteekin jarraitu edo ez erabakitzeko batzarra, eta Beasaingo lantegietan mobilizazioak bertan behera uzteko proposamenak 411 boto jaso ditu guztira, eta mobilizazioei eusteko proposamenak, LABek eskatu bezala, 825 boto. Irunen 41 izan dira mobilizazioak bertan behera uztearen aldeko botoak, eta 172 mantentzearen alde. ELAk, CCOO eta UGTren babesarekin lanuzteak bertan behera uzteko egindako proposamenak Madrilgo lantegian egindako batzarrean bakarrik egin du aurrera. Langileen gehiengo zabalak mobilizazio eta lanuzteekin aurrera jarraitzea lehenetsi du, eta ostegun honetan bertan izango da hurrengo mobilizazio eta lanuzte eguna.

Gaurko emaitzekin langileen borroka indartu eta balioesten dela nabarmendu du LABek, eta enpresari galdegin dio behingoz negoziazioa edukiz bete dezan. Bestalde, Zuzendaritzak sustatzen duen zatiketa-politika ez elikatzeko ere eskatu die gainerako sindikatuei, soilik langileen arteko batasun eta determinazioarekin lortuko direlakoan ezarritako helburuak.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.