2024-11-25
HomeEkintza SindikalaLan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta Kasedako zahar etxeko gerentziak berehala prestatu...

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta Kasedako zahar etxeko gerentziak berehala prestatu beharko ditu langileen lan egutegia eta oporren plangintza #LortuDugu

LAB sindikatuak aurkezturiko salaketari erantzunez, Kasedako zahar egoitza kudeatzen duen enpresak ez baitu ikusgai jarrita urteko lan txanda eta ordutegien egutegia eta enpresak oporren urteko plangintza egiten ez baitu, Lan Ikuskaritzak egiaztatu du salaturikoa egia dela eta enpresari eskatu dio “berehala eta jarraian” bete dezala indarrean dagoen legerian ezarritakoa. Pozgarria da ebazpena, eta langileak animatzen ditugu beren eskubideen alde antolatzen eta borrokatzen jarrai dezaten.

Aurtengo maiatzean, LAB sindikatuak salaketa bat aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, Kasedako (Nafarroa Garaia) zahar etxea kudeatzen duen SG Caseda SL enpresaren aurka, lan arloko zenbait irregulartasunengatik. Handik egun gutxira, ikuskatzaile bat joan zen zahar egoitzara, baina gero enpresari bi hilabete kostatu zitzaion eskaturiko informazioa ematea. Ikerketatik sorturiko txostenak arrazoia eman dio sindikatuari, eta azpimarratu du enpresak eginiko irregulartasunek “zaildu egiten dutela, neurri handi batean, langileen kontziliazio pertsonala, lanekoa eta familiakoa”, eta, beraz, legeak ezarritakoa betetzera premiatu du.

Duela urte eta erdi, gutxi gorabehera, gerentzia berri bat iritsi zen Kasedako zahar etxera. Aurrekoak ihes egin zuen, adinekoen egoitza eta langileak egoera benetan kezkagarrian utzi ondoren. Hori dela eta, hasiera batean langileek konfiantzazko botoa eman zioten gerente berriari. Baina konfiantza hori erabat desagertu da, langileen egoerak ez baitu hobera egin, eta are okerrera egin du alderdi batzuetan.

Urteko lan egutegirik edo oporren plangintzarik ez emateak izugarri zailtzen du langileen kontziliazioa. Baina, gainera, gerenteari balio izan zaio asmatzeko langileek orduak zor zizkiotela. Horren aurrean, LABek Lan Ikuskaritzan irregulartasunak salatzea erabaki zuen. Sindikatu hau pozik dago arrazoia eman diotelako, ezin zen bertzela izan, eta langileak animatzen ditu antolatzen jarrai dezaten eta beren eskubideen eta lan-baldintza duinen alde borrokan segi dezaten. Alde horretatik, LABek batzarra eginen du langileekin bihar, azaroak 15, gai hau eta bertze batzuk azaltzeko; 15:00etan izanen da, zahar etxean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.