Hiru lehentasun finkatu ditugu sindikatuan hala EAEko nola Nafarroako aurrekontuei begira: herritarrak zaindu eta babestuko dituzten zerbitzu publikoen garapena, eremu publiko eta azpikontratatuetako lan baldintzen hobekuntza eta bidezko trantsiziorako batzordeak abian jartzea. Ostegun honetan aurrekontuen inguruan egingo den EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean aurkeztuko ditu bere gogoeta eta proposamenak.
Sindikatuko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ekintza Sozialeko arduraduna den Endika Perezek EAE eta Nafarroako aurrekontuei begirako gogoeta plazaratu dituzte.
Arroyok salatu duenez, “aurrekontuena afera tekniko hutsa bailitzan aurkezten digute gobernuek. Propaganda asko eta eztabaida gutxi egiten da. Bada, horixe bera da gure eskaria, herri honek eta zehazki langileriak dituen behar eta erronken inguruko eztabaida estrategikoa ahalbidetzea”.
LABen iritziz, datorren hamarkadan erronka handiak ditugu, hala nola ekoizpen eta kontsumo eredua irizpide ekosozialen arabera eraldatzea, ondasunaren banaketa gero eta desorekatuagoari aurre egitea edota zaintza nahiz osasun krisiari aurre egitea. Politika eta zerbitzu publikoak indartzea funtsezkoa da erronka horiei aurre egiteko, baina azken hamarkadan egindako zerga politikak erabat hipotekatu du EAEko zein Nafarroako instituzioek horretarako daukaten ahalmena. Zerga erreforma sakona egitea da, beraz, LABen lehen eskaria. Europako Batasuneko batezbestekoarekin parekatuko bagina, Hego Euskal Herrian 4.600 miloi gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.
Inbertsioen atalari dagokionez, aurrekontuak ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik berrikustea eskatzen du LABek. Aurrekontuak ez dira neutroak, klasea eta generoa bezalako aldagaien arabera berrikustea beharrezkoa da, areago Greba Feminista Orokorraren atarian. Ikuspegi feminista batetik, emakumeek pairatzen duten egiturazko diskriminazioa eta ezartzen zaizkien arrakala desberdinak gainditzeko beharrezkoak diren baliabideak zehaztu beharko lirateke: zaintza lanak erantzunkidetasunez banatu eta zaintzaileen lan baldintzak hobetzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko edota kontziliazio neurriak hartzen dituzten emakumeek pairatzen duten errenta galerari aurre egiteko.
Orain arte ezagutu dugunaren arabera, ordea, ez da aipatutako eztabaida estrategikoa egiteko, diru-sarrerak indartzeko eta inbertsioak birnorabidetzeko asmorik: “Urkulluren Gobernua hipotekatua dago, Patronalarekiko daukan menpekotasunaren ondorioz. Eskari sindikal eta sozialei entzungor egiten jarraitzen die. Ez ditu lan baldintzak hobetu, zerbitzu publikoak indartu edota pentsioak osagarritzeko interesik adierazten. Eta gainera, bere erantzunkizunari muzin egin eta biktimaren papera hartzen ari da, pentsiodunen, zerbitzu publikoetako langileen edota mugimendu feministaren dinamika zabal eta transbertsalak bere aurkako erasoak bailiran aurkeztuz”.
Endika Perezek aurrekontuei begirako LABen hiru lehentasunen berri eman du eta EAEri dagokionez zertan gauzatu beharko liratekeen zehaztu du.
Ekintza Sozialeko arduradunaren hitzetan, batetik, langile jendearen babesa eta zaintzari behar bezalako lekua eman behar zaie aurrekontu politikan. Honen baitan kokatu ditu osasungintza, hezkuntza, pentsioak edota zaintza sistema publiko komunitarioaren garapena. “Osasungintzako inbertsioa inoizko handiena dela adierazita ere, Aspiazuk ez du esaten oraindik ere Europako bataz bestekotik urrun gaudela, hiru puntu baino beherago hain zuzen”. “Noiz eta ezagutu berri dugunean Osakidetzako kexa eta erreklamazioen kopurua hazi egin dela edota pribatizazio asmoak bere horretan dirautenean. Gogorarazi behar da LABen ekimenez Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatzeko kontratuak etetea lortu dela, guztira 11.000.000 euro baino gehiagokoak”.
Norabide berean, Euskal Eskola Publikoak beharrezkoa duen plan estrategikoa ekarri du gogora Perezek, berriz ere atal honetako inbertsioa Europatik urrun dagoela azpimarratuz. Pentsioei dagokienez,1080eurotako gutxieneko pentsioa osagarritzea aurrekontu proiektuetan jaso beharko litzatekeela adierazi du, EHko Pentsiodunen Mugimenduak egindako estimazioen arabera 235M-ko kostua izango lukeela gogoraraziz. Azken honekin bezala, zaintza sistema publiko komunitarioa eratzeko inbertsio zehatzik ez dagoela salatu du.
Aurrekontuei begirako bigarren lehentasun bat ere aipatu du “langileon lan baldintzak hobetu eta lan gatazka zehatzei soluziobideak emateko aukera dago aurrekontuen bidez. Arrazoiak soberan dituzte langile publikoek eta azpikontratatutakoek greba eta mobilizazioak egiteko. Zerbitzu publikoetako langileen aldarrikapenei muzin egin die Urkulluren gobernuak. Eta eskumenen aitzakia baztertuta, adibide zehatzagoak ere aipatu daitezke, izan anbulantzietako langileek ekiparazioa eman dadin behar duten diru partidarik aurreikusten ez delako, izan EHUko irakasle prekarioekin dagoen lan gatazka konpontzeko beharrezkoak diren 8 niloi euroak jasota ez daudelako”
Azkenik, krisi energetiko eta oro har ekologikoak galdegiten duen eraldaketa sozioproduktiboa gauzatzeko inbertsio eza kritikatu du Perezek. Historia amaigabearen kontakizuna bihurtu den Abiadura Handiko Trenak ohiko diru partida eskandalagarria izaten jarraitzen duen bitartean, aurrekontu hauek ez dute langileak eraldaketa sozioproduktiboaren parte izateko Bidezko trantsizio Batzordeak finantziatzeko aukerarik irekitzen edota krisian dauden enpresen birmoldaketak eta enpleguen defentsarako eskuahartze publikorik zehazten. “Ikusi besterik ez dago diru publikoz hornitutako Siemens Gamesarekin gertatzen ari dena edo maila txikiagoan Mecaner edota Glavista bezalako enpresa industrialek bizi dutena. Non dago diru publikoa langileek aldarrikatzen duten enpresa hauen birmoldaketa eta bideragarritasuna gauzatzeko?” galdera horrekin amaitu du bere interbentzioa Ekintza Sozialeko arduradunak.