2024-12-19
HomeEkintza PolitikoaEstatuko legegintzaldi berrian, euskal langileon agenda erdigunean jartzeko lan egiten jarraituko du...

Estatuko legegintzaldi berrian, euskal langileon agenda erdigunean jartzeko lan egiten jarraituko du LABek

Aste honetan baieztatu denez, independentismoaren babesa izango duen Gobernu berria osatuko da Madrilen. PP-VOX bloke erreakzionarioari atea ixtea berri ona da, bloke horrek abiatu duen oldarraldia salagarria den bezala. Era berean, estatu mailan lor daitezkeen hobekuntza soziolaboralak ongi etorriak izango dira. Halere, Hego Euskal Herrian lan harremanetarako eta babes sozialerako eredu propioa garatzeko dauden galgak eta oztopoak altxatzea da LABentzat hurrengo urteetako erronka. Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian eragiteko baldintzak sortzea.


Ildo honetan, bi lehentasunetan arreta jartzea eskatu zien LABek EH Bildu eta EAJri, urrian egindako alde biko bileretan. Batetik, euskal langileon lan baldintzak Euskal Herrian bertan erabaki ahal izatea. Bestetik, gizarte segurantzaren kudeaketa eskuratu eta EAEn nahiz Nafarroan pentsioak 1.080 eurotaraino osagarrituko dituen sistema publiko osagarria ahalbidetzea. Bi aldarrikapen horien aldeko mobilizazio ugari egin dira azken urteotan, besteak beste, 2020ko Greba Orokor arrakastatsua. EH Bildu nahiz EAJrekin egindako alde bikoen ondotik, euskal langileon agenda presente egon da euskal alderdien eta PSOEren arteko elkarrizketetan

Atzo EAJ eta PSOEren arteko akordioa egin zen publiko. Lan baldintzen eremuari dagokionez, PSOEren eta EAJren artean sinatutako akordioan badago urrats positibo bat: bertako hitzarmenen lehentasuna. Alabaina, akordioa ez da nahikoa ez eremu publikoko langileentzako, ezta sektore prekarizatuetarako ere.

Eremu publikoaren kasuan, negoziaketa kolektiboa ukatzen jarraitzen da; erreposizio tasa eta langileen soldatak ez dira negoziazio kolektiboaren eremuan negoziatuko eta, ondorioz, erabakitzen dena langileei inposatu ahal izango zaie. Halaber, Madrilek beto eskubidea izaten jarraituko du, Madrilgo Gobernuaren zein EAE nahiz Nafarroako Gobernuen arteko adostasuna beharko delako. Gauzak horrela, EAEko zerbitzu publikoetako sindikatuok abenduaren 19rako egindako grebarako deialdia berresten du LABek.

Sektore prekarioei begira, berriz, ez da ezertxo ere jasotzen: ez etxeko langileek EAEn eta Nafarroan hitzarmen propioa izateko aukera (kontutan hartuz Confebaskek uko egin diola negoziazio mahaian esertzeari), ezta sektore prekarioenen egoera hobetuko lukeen 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko aukera ere. Azken eskakizun honi dagokionez, gogoan hartu behar da pasa den martxoan EH Bilduren ekimenez Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu ziola 1.400 euroko gutxieneko soldata lortzeko kudeaketak egin ditzan. Bada, akordioaren bi sinatzaileak (PNV-PSOE) era berean Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak izanda ere, gai garrantzitsu hau ez da akordioan jaso.

Pentsioei dagokionez, berriz, EAEko estatutuan jasota dagoena (Gizarte Segurantzaren kudeaketa, ez arauketa) beteko dela esatera mugatzen da EAJ eta PSOEren akordioa. Eragile berberek aipatutako konpromisoa beste zenbaitetan adierazi bai, baina bete ez dutenez, zuhurtziaz hartzen dugu iragarpen hori. Gainera, Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratzea ez da nahikoa euskal pentsiodunen egoera hobetzeko; horrekin batera, bai EAEn baita Nafarroan ere 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko duen pentsio sistema publiko osagarria eskatzen dute hala LABek nola pentsiodunen mugimenduak berak. Bigarren urrats hau eman gabe, Estatuak erabakitakoa kudeatzera mugatuko lirateke euskal instituzioak.


Gauzak horrela, eremu politiko-instituzionala interpelatzen eta borroka sindikalaren bidez baldintza berriak sortzen jarraituko du LABek datozen aste eta hilabeteetan, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren norabidean. Legegintzaldi berriaren hasiera honetan lortutako urratsak, ez nahikoak izanda ere, Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek egindako borrokaren emaitza dira. Eta aurrerantzean ere, urrats berriak egoteko, borroka sozial eta sindikala ezinbestekoa izango da. Ildo honetan, datozen asteetan bi hitzordu garrantzitsu ditugu: lehenik eta behin azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra, zaintzarako eskubide kolektiboaren alde; eta bigarrenik, abenduaren 19an zerbitzu publikoak indartu nahiz bertako langileen baldintzak hobetzearen aldeko greba.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.

B&B Trends-ena da Gasteizko SDA Factory-ren itxieraren errua

Zuzendaritzak SDA Factory ixteko erabakia hartu du, lehengo Gasteizko BSH. Ia 50 urtetako historia duen enpresa honek Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientean (ABEEE) pasatu ditu azken lau urteak.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren eragina murriztu eta enplegua defendatzeko neurriak lortu ditugu

Hasteko, salatu nahi dugu enpresak negoziaketa talde mailan egin nahi izan duela, Asteasuko langileen ordezkaritza disolbatua eta eragin mugatuarekin zeogoen mahai negoziatzaile bat inposatuz. ABEEE luze eta gogorra nahi zuen enpresak langileentzat eta egoera honen aurrean, markoaren salaketaz gain, neurriaren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatu da LAB.