2024-07-22
HomeEkintza SindikalaHormigoizko horma bat erori da Bilboko TMB enpresan, LABek arriskuaz hainbatetan ohartarazi...

Hormigoizko horma bat erori da Bilboko TMB enpresan, LABek arriskuaz hainbatetan ohartarazi izan duen arren

LAB sindikatuak gogorarazi du istripua gertatu aurretik hainbat bider salatu izan duela TMB Arraiz enpresaren lantegiko instalazioak egoera negargarrian daudela. Enpresa hori Bizkaiko hondakinen tratamenduaz arduratzen da, eta horren jabetza Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Garbikerrena da.

Atzo, 2023ko azaroak 8, azpiegituraren egoera deitoragarria tarteko, 50x10m-ko zementuzko barne-horma bat erori zen eta latorrizko fatxadaren bi aldetan irekidura bat sortu zen, bioiragazkia aire zabalean geratu zelarik. Gailu horrek fluido-korronte batetik (airea edo ura) konposatu kutsatzaile ugari ezabatzen ditu prozesu biologiko baten bidez, eta hori da konposatuok kanpora ateratzea ekiditen duena. Langileek salatu dutenez, inork ere ez die argitu ea ingurumen-segurtasuna kolokan egon daitekeen. Bestalde, langileek ez zuten inolako kalterik pairatu, zorionez une horretan ez baitzen inor igaro ingurutik.

Enpresa Batzordeak aspalditik adierazi izan du instalazioen egoera oso txarra dela, eta Lan Arriskuen Prebentzioko hainbat bileratan enpresari ohartarazi izan dio halakoak gerta zitezkeela. Era berean, LABeko ordezkariek azpiegituraren zein makineriaren mantentze-lan prebentiboak eskatu izan dituzte. Ildo horretan, joan den urriaren 18an, LAB sindikatuak, Enpresa Batzordearekin batera, bilera bat eskatu zion Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanoberi, tratamendu-plantaren egoera negargarriaz hitz egiteko asmoz. Gaur-gaurkoz ez dute erantzunik jaso, eta, beraz, uste dute Aldundiak ez duela inolako asmorik lantegiaren egoerari heltzeko eta Zaldibarko kasuaren antzeko ingurumen- eta giza ondorioak izan ditzaketen istripuak saihesteko; izan ere, orduko hartan ere erakunde arduradunek entzungor egin zieten sindikatuen ohartarazpenei.

Ez da zentro honetan antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia; izan ere, 2022ko urrian latorrizko hormetako bat hegan atera zen, eta zulo handi bat utzi zuen heltze-eremuan.

Arraiz TMB ABEEak bere funtzioak alde batera utzi ditu lantegia kudeatzen ari den 10 urteetan ez duelako beharrezko mantentze-lanik egin. Eraikinaren horma eta fatxaden egoera larriaz gain, hondatutako makinak daudela eta plantilla urriegia dela nabarmendu behar da.

Horrenbestez, langileek Foru Aldundiari eskatzen diote, zerbitzuaren zuzeneko arduraduna den aldetik, premiazko bilera bat egiteko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko behar diren neurriak hartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABeko kideak Mugak Zabaltzen karabanan

Balkanetara eginiko Mugak Zabaltzen karabanan parte hartu dute aurten ere sindikatuko hainbat afiliatuk. Ekimen horren helburua da salatzea Europa insolidario honek armak saltzen dituela eta bere mugak militarizatzen dituela.

Esparru propioa sendotu dute kurtso honetan LABek sustatutako ia 200 borroka sindikalek

Gorantz egin dute enpresetako gatazkek eta irekitako 10 borrokatik 4 itxita daude, eduki anitzagoekin.

Langileen aldeko politikak bultzatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko eskatu diogu Pradales Lehendakariari

Osakidetzan langileen gehiengorik gabe herri itunik ez dela posible izango ohartarazi diogu.