2025-04-05
HomeEkintza SindikalaGizonezkoak ere Greba Feminista Orokorrera

Gizonezkoak ere Greba Feminista Orokorrera

Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra dugu Hego Euskal Herrian, zaintza eskubide kolektiboaren alde. Jendarte osoa, emakumeak* zein gizonak gaude deituak grebara. Gizona izan eta grebarako arrazoiak oraindik ez badituzu argi, hemen jaso ditugu hainbat gako argigarri. Andoni Etxanizen hitzak jaso ditugu jarraian, Zumaiako GKN enpresan LABeko ordezkaria da eta bere eskualdeko batzarrean gizonek grebarako dituzten arrazoiez aritu zen.

“Eremu maskulinizatu batean (industrian) egiten dut lan, gizonezkoa naiz, eta galdera honi erantzutea eskatu didate: Zergatik egin behar dut greba feminista orokorra?

Egia da, nire inguruan, nire lantokian, gizonezko askok borroka feminista emakumezkoen gauza bat bezala bizi dutela. Eta pentsamolde horri buelta ematea ez da erreza izango, baino saiatu behar gara. Nik, gizonezkoa izanda, zergatik egin behar dut greba feminista? Galdera honi beste galdera batzuk eginez hasiko naiz erantzuten:

-Zergatik naiz antirrazista, ni zuria banaiz?

-Zergatik salatzen ditut jarrera homofoboak, ni heteroa banaiz?

-Zergatik salatzen ditut jarrera transfoboak, ni ez banaiz transexuala?

-Zergatik naiz feminista, ni gizonezkoa banaiz?

Giza eskubideak defendatzen ditudalako, eta feminismoak horretarako aukera ematen digulako. Feminismoak giza eskubideak defendatzen ditu, guztion giza eskubideak defendatzen ditu. Egia da matxismoak ez dituela berdin urratzen emakumezkoen zein gizonezkoen eskubideak, ezta ere arrazismoak edo homofobiak, edo transfobiak. Emakumea eta beltza bazara, diskriminazio bikoitza izango duzu. Emakumea eta lesbiana bazara, diskriminazio bikoitza. Eta emakumea eta transexuala bazara, birritan diskriminazioa berriz ere.

Nork zainduko nau ni, behar dudanean? Eta nola? Eta nire ingurukoak, nire zaintza behar dutenean? Nola eman ahal izango diet behar duten zaintza? Gaur egun, galdera hauei, askotan, gehiegitan, horrela erantzuten zaie: emakumezkoen* bizitzak prekarizatuz ematen dira zaintzak, eta emakumeak* arrazializatuak badira, oraindik eta prekarizazio eta diskriminazio maila handiagoarekin.

Greba Feminista Orokor honekin giza eskubideak defendatuko ditugu, zaintzeko eta behar dugunean zainduak izateko eskubidea defendatzera goaz. Bizitzak erdigunean jartzera gatoz, eredu heteropatriarkal kapitalistak inoiz egingo ez duena egitera gatoz. Kapitalismoak ahal duen denbora guztia lapurtuko digu. Bi soldata behar izatera eraman dute jendartea, bizitzak ekonomiaren zerbitzura jarriz. Eta horrek justu alderantziz behar du izan. Ekonomiak bizitzen zerbitzura egon behar du.

Greba hau bide luze baten beste mugarri bat da. Borroka hau, bizitza versus kapitala, aspalditik ari da ematen. Eta greba honetan ere emango da, eta kontatu egingo gaituzte. Parte hartze masibo batek aurrerapauso nabarmenak ekar ditzake: lanaldiaren murrizketan, zaintzarako baimen berrietan, lanaldiko denboren banaketan eta prekarizaturik dauden zaintzetan irekirik dauden borroka guztietan. Garaia da, beraz, zaintza lanak aitortu, duindu eta banatzeko; garaia da gizonok dagozkigun ardurak hartzeko.

Grebaren ondoren ere borrokak jarraituko du, baina greba egunean kontatu egingo gaituzte, eta ni ez naiz inondik inora “gehiengo isila” esaten dioten horretakoa izango. Nik, azaroaren 30ean, “Gora Borroka Feminista!” oihukatuko dut”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.