Datorren larunbatean, azaroaren 11n, Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformek egingo dituzten manifestazioekin bat egiten du LABek eta euretan parte hartzeko deialdia zabaltzen du. Mobilizazioak Bilbon (12:00etan, Jesusen Bihotzetik), Donostian (17:00etan, Boulevardetik) eta Gasteizen (12:00etan, Bilbo plazatik) izango dira.
Osakidetzaren egoera larriaren aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea, sistema publikoa indartzea eskatzeko eta diru publikoa osasungintza pribatura desbideratzeari ezetz esateko.
Osasungintza publikoaren alde, garrantzitsua da sektoreko langile eta herritarren borrokak bat egitea. Osakidetzako langileek, publikotasunaren alde mobilizatu ziren, besteak beste, urriaren 25ean egindako EAEko sektore publikoko greba arrakastatsuan, eta larunbatean, aldarrikapen honekiko duten aldekotasuna erakusteko aukera izango dugu herritarrok.
Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako borrokan, lorpenak ere izan ditu LABek. Horrela, 2022ko azaroan, lan informatikoak kanpora ateratzeko plegu bat geldiarazi zuen sindikatuak, kautelaz, 600.000 eurotako balioa zuena. Honetaz gain, 2022ko irailean, Osakidetzan Informazio eta Komunikazio Teknologietarako (IKT) proiektuetarako bulego bat sortzeko pleguan jasotzen den informatikako lanak kanpora ateratzeko bigarren saiakera kautelaz gelditu zuen LABek. Eta urte bereko ekainean, mota bereko proiektuetarako bulego bat sortzeari lotutako lanen kanporatzea geldiaraztea lortu zuen. Azken honek gutxienez 22 lan-kontratu zekartzan eta 11.000.000 eurotako kostua.