2024-11-22
HomeEkintza SindikalaZaintza eskubide kolektiboaren alde, hilaren 30erako Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia...

Zaintza eskubide kolektiboaren alde, hilaren 30erako Greba Feminista Orokorrarekin bat egiteko deia luzatu dugu EHUtik

Gaur, Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat kanpusetako ikasle zein langileak batu gara, datorren azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak eta beste hainbat sindikatu eta eragilek deitutako Greba Feminista Orokorra babesteko.

Zaintza eskubide unibertsal bezala aitortzeko aldarrikapena eta zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu nahi dugu. Egungo zaintza erregimena sostengaitza delako.

Zaintza, bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa.

Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak erabat pribatizatuak daude. Azken 20 urteetan, euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintza hori jasotzen dutenen ongizatearen eta langileen lan-baldintzen kontura.

Komunitate hitza erabiltzen badute ere, familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko; berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita. Arduradun horiek izen abizenak dituzte eta gure bizitzen gainetik kapitala jarri dute.

Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu.

Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek dakar bi planotan pentsatzea eta aldaketak eragitea:

  • Alde batetik, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea.
  • Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena.

Greba Feminista Orokorra Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua da, horren isla da artikulatzen ari den Herri Akordioa. Sistema publikoaren alde, bizitza duinen alde eta zaintza langileen baldintza duinen alde.

Zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar dira, eta lanaren banaketa sexual eta arrazista desegin. Zaintza, premia eta eskubide kolektibo gisa hartuta, bizitza osoan zehar.

Zaintzaren problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, hezkuntza-sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen gaitu. Horregatik, unibertsitateko ikasle zein langileok ere, bizitzak erdigunean jarriko duen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa baten alde jardungo dugu. Horretarako, jada martxan dauden greba antolatzeko markoetan parte hartzeko deia egiten dugu: hala nola, tokian tokiko Ikasle Greba Komiteetan.

Greba Feminista Orokorrean, erantzukizuna eta konpromisoa exijitzen diegu dagokien arduradun politikoei. Egoera hau sostengaitza da eta horren arduradunek izen abizenak dituzte. Azaroaren 30ean greba egingo dugu Euskal Herrian, unibertsitateetan ere bagabiltza antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau eta horri ekingo diogu.

Zaintza eskubide kolektiboaren alde!

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.