2024-11-22
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaBestelako Euskal Herri bat posible dela berretsi dugu, Eskubide Sozialen Karta oinarri

Bestelako Euskal Herri bat posible dela berretsi dugu, Eskubide Sozialen Karta oinarri

GUE/NGLk antolatuta, Europako etorkizunari buruzko nazioarteko jardunaldiak egiten ari dira Donostiako Tabakaleran egunotan, “The Left discusses Europe´s future” izenburuarekin. Besteak beste, migrazioa eta errefuxiatuak, euskal bake prozesua, lankidetza, industrializazioa eta arrakala soziala bezalako gaiak ari dira lantzen. Testuinguru honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkariek kartaren ale bat eman diote Gabi Zimmer GUE/NGLko lehendakariari. Era berean, gaurko lan saioan, LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta dela alternatiba nabarmendu du.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta egungo egoera sozioekonomikoa eraldatzeko xedez sortutako tresna da eta natura zein pertsonak erdigunean izango dituen eredu sozial berri baten ardatzak biltzen ditu; oinarrizko eskubide sozialak, hain zuzen ere. Hauxe da Gabi Zimmerri azaldutakoa, kartaren ale bat ematerakoan. Euskal Herrian burujabetza prozesu bat martxan jartzen ari garela jakinarazi diogu, eraldaketa soziala gauzatzeko bidean. 

Ezberdinen arteko aliantzen eta mobilizazio sozialaren beharraz hitz egin dugu, eta alternatibak lantzen ari garela nabarmendu dugu. Alternatiben Herria dinamika kokatu dugu hor.

LABeko kide Edurne Larrañagak eman dio Zimmerri kartaren ale bat, ELAko Mikel Novalekin batera, biak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ordezkari gisa.

Euskal Estatua, hizpide
Nazioarteko jardunaldien gaurko lan saioan LAB egon da gonbidatuen artean, eta sindikatuko Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak hartu du hitza. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta alternatiba gisa aurkeztu du, eredu ekonomikoa eta soziala errotik aldatzeko. Prozesu horren baitan Euskal Estatuaren sorrera kokatzen dugula nabarmendu du.

Martxuetak aipatu du Euskal Herrian hiru politika nagusi daudela eskubide urraketen atzean: euskal enpresetan lan erreformak aplikatzea, emakumeak diskriminatzea eta babes-sistema eraistea, horrek lan merkatutik kanporatutako langileengan dituen ondorio lazgarriekin. Honi guztiari aurre egiteko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta dela alternatiba berretsi du: “Bestelako Euskal Herria posible dela esaten dugu bertan”.

Jarduera ekonomikoa pertsonen zerbitzura, natura eskubideen jabe, elkartasun kolektiboa bizitzaren iraunkotasunerako, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza, kalitatezko enplegu duina, osasunerako eskubidea, hezkuntzarako eskubidea, etxebizitzarako eskubidea, kultura, hizkuntza eskubideak… hainbat eskubideren jabe izan behar dugula aldarrikatu du Martxuetak. “Hau dena aurrera ateratzeko, parte hartze sozial aktiboa behar dugu egin, mobilizazio soziala ardatz duen prozesu iraunkorra eta euskal instituzioen borondate politiko aldaketa, honen arabera jarduteko”, erantsi du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.