2025-04-19
HomeEkintza SindikalaAlconza-Irizarri exijitzen diogu langileen borrokaren aurkako kriminalizazioa nahiz irekitako prozesu judizial guztiak...

Alconza-Irizarri exijitzen diogu langileen borrokaren aurkako kriminalizazioa nahiz irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko

Datorren azaroaren 8an, greba egitea eta lan zein bizi baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuen langileetako bat deklaratzera deitu dute Getxoko epaitegira.

Denok gogoratzen duzuen moduan, Alconzako kaleraketen aurrean, 5 hilabeteko greba burutu zen. Borroka horren ondorioz, hemendik
urtarrilera bitarte, 4 langile deklaratzera deituak daude.

Grebak iraun zuen bitartean, errepresioak ez zuen etenik izan; isun ekonomikoak jaso genituen mozal legea aplikatu izanaren bitartez, eta Ertzaintzak hainbat langile jipoitu eta zauritu zituen.

25 lankideen kaleratzea gutxi balitz, grebalarien kontrako mendeku gosea bere baitan mantentzen dute. Alconzak, Irizarren oniritziarekin, langileen aurkako prozesu judizialei eustea erabaki du.

LABetik salatu nahi dugu langileek lanpostuak defendatzeko egindako mobilizazioetako partaideekiko jazarpena, eta irekitako prozesu judizial guztiak bertan behera uztea exijitzen dugu.

Langileen eskubideak, gure eskubideak eta lanpostuak defendatzea ez da sekula delitua izango. Hori dela eta, salaketak, isunak eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.

Horregatik guztiagatik, azaroaren 8rako LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu enpresan (11:00-12:30) eta (13:45-14:45), eta goizeko 11:15ean kontzentrazioa antolatu du Getxoko epaitegiaren atarian, Alcontzako lankideari babesa emateko, prozesu judizial guztiak bertan behera uzteko eskatzeko eta borroka sindikala delitua ez dela aldarrikatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.