2024-11-22
HomeUncategorizedGasteizko kale garbiketako langileek atsekabea adierazi dute ezarritako negoziaziorako epea agortu delako

Gasteizko kale garbiketako langileek atsekabea adierazi dute ezarritako negoziaziorako epea agortu delako

Gasteizko Kale Garbiketako Aldi Baterako Enpresa Elkarteko LABeko sail sindikalak atsekabe handia adierazi nahi du, martxoaren 6rako deituta zegoen greba mugagabea bertan behera utzi ahal izateko adostu zen epea agortu egin delako, Gobernu taldea, FCC-GMSMeko enpresa-zuzendaritza eta sail sindikalen arteko inolako akordiorik gabe.

Enpresa batzordea osatzen dugun sail sindikal guztiok, aipatu itunarekin bat etorri ginen, hartan bi hileko epean lanetik bota zituzten 5 langileak berriro hartuko zituztela agintzen zelako, eta Hitzarmen Kolektiboaren urraketekin bukatzeko kontsultak egiteko aldia zabaltzen zelako. Gaur, maiatzak 15, kaleratutako bost langileak oraindik ez dira lanean hasi eta Hitzarmen Kolektiboaren ez betetzeen zerrenda loditu baino ez da egin, enpresa-zuzendaritzak gobernu taldeak egindako eskaintza ekonomikorik onenari uko egin eta gero. Gauzak horrela, argi geratu da Aldi Baterako Enpresa-Elkarteak hasieran gatazka konpontzeko omen zuen nahia iruzur hutsa izan dela.

%1eko soldata-igoerari eta aurtengo zein aurreko urteei loturiko arrazoi partikularretako egunei dagokienez, Udalak eta enpresak akordioa lotu omen badute ere,(akordioa ez dago erabat itxita, eta egoera ikusita, zaila ikusten dugu benetan gauzatzea, enpresa-zuzendaritzak ezarritako blokeoagatik), honek ez luke gatazka erabat konponduko, enpresa-zuzendaritza gure 5 lankideen berrartzea baldintzatzen ari delako gobernu taldearekin egiten ari diren negoziazioekin. Enpresaren asmoa akordio ekonomikoa lortzea da. Hau agerian geratu da enpresak Gasteizko Udalaren azkenengo eskaintza ekonomikoa errefusatu duenean.

Maiatzaren 2an, gobernu taldeak 72 ordutako epe berria eskatu zigun sail sindikalei, aldi baterako enpresa-elkartearekin, in extremis, akordioa lotzen saiatzeko. Hasieran ezarritako epea agortua zela gogorarazi genion arren, epe berria onartu genuen gure borondate ona adieraziz, beti ere, gatazka konpontzeko helburuarekin. Gaur arte inolako akordiorik gauzatu ez denez momentuz, eta negoziaketarako epea gehiago luzatzen ari direnez, LAB sindikatuko sail sindikalak argi adierazi nahi du, gure lankide guztien eskubideen alde jardungo dugula eta gurekiko hartu diren konpromisoak betetzen ez badira, beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabiliko ditugula gure eskubideak errespeta ditzaten.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.