2024-11-22
HomeEkintza SindikalaGreba eguna izango da biharkoa, hilak 25, EAEko sektore publikoan

Greba eguna izango da biharkoa, hilak 25, EAEko sektore publikoan

150.000 langile daude deituta bihar, urriak 25, eta abenduaren 19an egingo diren greba egunetara. Goizean goizetik informazio-piketeen zutabeak abiatuko dira Bilbon, Gasteizen nahiz Donostian, eta 11:30ean manifestazio bana egingo da hiriburuetan.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok egindako deialdiak helburu izango du, besteak beste, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatzea soldata eta enplegua hemen adostu daitezen ahalbidetzea. Bestalde, zerbitzu publikoek jasandako narriadura salatuko dugu, horrek langileongan zein herritarrongan izaten ari den eragina nabarmena baita.

Biharko egunerako deitutako mobilizazioei dagokienez, honako hauek izango dira ordutegiak lurralde bakoitzeko hiriburuetan:

7:30ean, zutabeak:
• Bilbon 3:
◦ Juan de Garai kaleko eskolan (Udaletxeraino)
◦ EITBren aurrean (Jaurlaritzaraino)
◦ La Salveko zubian (Aldundiraino)
• Donostian 2:
◦ Amarako sarreran, lehen zebrabidean, Maria Kristinaraino
◦ Loreako biribilgunean (Unibertsitatea – Ondarreta).
• Gasteizen 1:
◦ Lakuako sarreran Mercadonaren aurrean (Forondako atea), Jaurlaritza, Txagorritxu, Ajuria egoitzaraino

11:30ean, manifestazioak:

  • Bilbon: Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik (Kale Nagusia, 85)
  • Gasteizen: Eusko Legebiltzarretik
  • Donostian: Bulebarretik

Grebarako ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiagok egingo dute lan bihar zenbait sektoretan

Pandemiaren aitzakiarekin ezarritako gutxieneko zerbitzuen handitzea betikotzen du Aginduak. Zenbait eremutan, pandemia aurreko deialdietan baino gutxieneko handiagoak ezartzen dira. Lan Sailak gaztelaniaz igorri zuen agindua, eta 24 ordu beranduago jaso dute sindikatuek euskaraz.

Jaurlaritzako Lan Sailak atzo jakinarazi zuen LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek urriaren 25ean eta abenduaren 19an deitutako sektore publiko osorako grebarako gutxieneko zerbitzuak. Bada, berriz ere gehiegizkoak izan dira: milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik uztzi ditu. Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den une honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan. Azpimarratu behar da, gainera, greba egun bakar bat izanik, guztiz funtsezkoa dena bakarrik bermatu beharko litzatekeela. Hala ere, beste behin ere, grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko.

Aginduaren edukia ikusita, argi dago Lan Sailak apustu egin duela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko. Pandemia aitzakia ezin hobea izan zen gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko, eta orain, normaltasun
egoerara itzuli arren, pandemiaren aurretik sektoreetan ezartzen zirenak baino gutxieneko handiagoak ezartzen jarraitzen dutela. Adibidez:

  • Osakidetzan: Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta orain, berriz, larunbat batekoak.
  • Hezkuntza: unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren; egungo Aginduan, berriz, irakasle bat egon behar da hezkuntza- tapa bakoitzeko, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio.

Hori gutxi balitz, Aginduaren aplikazio praktikoak ekarriko du, zenbait esparrutan, lanaldi arrunt batean daudenak baino langile gehiago izatea. Bereziki deigarria da Osakidetzako EAGen egoera: gutxieneko zerbitzuen %100 ezartzen da, egunerokoan hutsune asko ordezkatzen ez direnean eta askotan EAGak medikurik gabe zabalik daudenean. Gainera, %100eko gutxienekoak ezartzeak honakoa esan nahi du: egunerokoan zerbitzu horiek aurrera ateratzen dituen plantilla ezinbesteko gutxienekoa dela, hau da, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela. Era berean, sindikatuek nabarmendu nahi dute oso adi egongo direlako gutxienekoen Aginduaren aplikazioari; zoritxarrez, gehiegikeriak ere oso ohikoak baitira. Adierazitako guztiaz gain, sindikatuek salatu dute Lan Sailak gaztelaniaz bidali duela aurrena Agindua, eta 24 ordu beranduago jaso dute euskaraz. Hizkuntza eskubideen urraketen beste adibide bat da. Grebaren aldarrikapenetako bat da sektore publikoa euskalduntzea, zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko. Gertaera horrek erakusten du errealitate horretatik urrun gaudela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.