2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaAmiantoaCAFen 300 langile egon dira amiantoaren eraginpean, ekoizpena pertsonen osasunaren gainetik jartzen...

CAFen 300 langile egon dira amiantoaren eraginpean, ekoizpena pertsonen osasunaren gainetik jartzen duen enpresa-kultura baten ondorioz

Enpresa-batzordearen deialdiari erantzunez, batzarra eta manifestazioa egin dituzte gaur Beasainen CAFeko langileek, eta argi hitz egin dute: “Ez, hau ez da istripua izan, ezta ustekabekoa ere. 300 langile baino gehiago amiantoaren eraginpean egon gara, ekoizpena pertsonen osasunaren gainetik jartzen duen enpresa-kultura baten ondorioz”.

Adierazi dute hori dela, hain zuzen ere, 2023. urtean 300 pertsona baino gehiago 2002. urteaz geroztik debekatuta dagoen produktu baten eraginpean egoteko arrazoi bakarra. Salatu dute CAFeko 60 langile baino gehiago hil direla amiantoaren ondorioz, baina benetan askoz gehiago izango direla seguraski.

CAFeko Zuzendaritzak adierazi du amiantoa kentzeko enpresak egindako lan-plana jarraitu eta Osalanek ezarritako protokoloak bete dituela. Baloiak kanpora. Baina prebentzioko ordezkarien iritziarekin kontra, CAFek erabaki zuen izugarri zikinak ikusten ziren nabeak langilez betetzea.

CAFek zaindu behar du bere langileen osasuna, eta, beraz, hain prozesu korapilatsuan zalantzarik txikienaren aurrean, zuhurtasun-printzipioa nagusitu behar zen. Non geratzen den hainbeste gorapaitutako “prebentzio kultura”?

Enpresak behin eta berriz esan du ahal duen guztia egin duela egoera aldatzeko, baina langileen ordezkariek argi dute zuzendaritzak neurri gehigarriak hartu baditu langile eta Enpresa Batzordearen presioagatik izan dela. Egoera honen hasieratik, enpresa-batzordeak bultzatu ditu neurri gehienak, eta horri esker esposaketa ez da handiagoa izan. Ez zuzendaritzaren jarrerak ez Osalanenak ez lukete gertatutakoa saihestuko.

Beraz, argi geratu da, halaber, administrazioak ezarritako protokoloek huts egin dutela eta ez dutela bermatzen amiantoa kentzea segurtasun osoz, ez CAFen ez beste edozein lekutan, ingurumen-neurketak egiteak ez baitu balio amiantoarekin kutsatutako inguruneak detektatzeko. Baina badirudi Osalanek ere ez duela kritikarik onartzen. Abuztuaren 25ean prebentzioko ordezkariek egoeraren berri emateko deia egin ondoren, astebete behar izan zuten enpresara joateko eta prebentzioko ordezkariekin biltzeko.

Horregatik guztiagatik, CAFeko langileek egoera horren aurrean erantzukizunak argitzea eskatu dute. Gertatutakoa saihestu zitekeen, eta honaino ekarri gaituzten erabakiak hartu dituztenek aurpegia eman behar luketela adierazi dute.

Era berean, 4DIBko 7- 8-9 nabeetan (azpikontratak barne) amiantoa kentzeko egoera horretan egon ziren pertsona guztiak amiantoaren eraginpean egon daitezkeen langileen zerrendan sartzea exijitu dute. Aurreko urteetan desamiantatzea egin den eremuetan egon diren langile guztiak zerrenda horretan sartzea ere eskatu dute.

Azkenik, enpresa-batzordeak eskerrak eman dizkie gaurko batzar eta mobilizazioan parte hartu duten langileei. Era berean, kaltetutako nabeetako langileek erakutsitako jarrera kritikoa nabarmendu dute, haien erreakzioa izan baitzen gerora gertatutakoari bide eman ziona. “CAFeko langileok eta enpresa batzordeak borrokarako erreferente izaten jarraitu behar dugu”, amaitu dute euren hitzartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.